Herriko Taldeak eta EAJ-PNVk 2025eko aurrekontuetan adostutako proiektua errealitate bihurtu da Aldundiaren eta Udalaren finantzaketari esker

GARAI | Udalak ia 73.000 euroko zenbatekoa inbertitu du azpiegitura hori egiten. Kopuru horretatik, 50.500 euro jarri du Bizkaiko Foru Aldundia. Gainerako guztia -azpiegituraren xehetasunak aztertzeko helburuz eskatu zen txosten teknikoa ere-, Garaiko Udalak jarri du, ia 30.000 euro.
2025. urteko aurrekontuak eztabaidatzeko prozesuan, Herriko Taldeak proposatu ostean, udalean ordezkaritza duten bi taldeek, Herriko Taldeak eta EAJ-PNVk, Garain komun publiko baten bideragarritasunari buruzko txostena (kokagune posibleak, egin beharreko inbertsioaren zenbatekoa eta abar) egiteko asmoz, 5.430 euroko diru-zuzkidura aurreikusi zuten.
2025eko udaberrian, txostena eskuetan, udala gobernatzen duen taldeak, hainbat irizpide kontuan hartuz (erabilgarritasuna, irisgarritasuna, argitasuna, ura, estolderia eta argia hartzeko tokirik hurbilena), erabaki zuen azpiegitura San Migel auzoko umeen jolas-eremuaren ondoan jartzea, dirulaguntzak eskatu zituen eta esleipen prozesua abian jarri.
Esan beharra dago azpiegitura berria egitasmo zabalago baten barruko ekimena dela. Ekimen horri jarraikiz, umeek jolas-eremua urte osoan balia dezaten, jolas-eremua estali eta, esparru horretan gertatzen diren aldian aldiko beroaldien ondorioak apaltzeko xedez, irla klimatikoa eraikiko da. Era berean, obra sute-ahoak instalatzeko baliatu da, balizko suteei aurre egiteko modua izan dezan udalak.


