Ursula Donea adinekoen elkarteak, bere 40. urteurrenaren harira, herriko ondare historikoa berreskuratu nahi du Gerediagarekin batera

MAÑARIA | “Argazki batek mila hitzek baino gehiago balio omen du”. Eredu horri jarraituz, Mañariko Ursula Donea adinekoen elkarteak proiektu berezi eta hunkigarri bati ekin dio herriko ondare historiko eta kulturala kontserbatzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Datorren urtean elkarteak 40. urteurrena ospatuko duela eta, Gerediaga Elkartearekin elkarlanean, herriko argazki zaharrak bildu eta digitalizatzeko kanpaina jarriko dute abian uztail osoan zehar.
Deialdia Mañariko herritar guztiei zuzenduta dago, eta XX. mendeko argazkiak biltzea du helburu. “Pertsonen, familien, auzoen, eskolen, lanen, jaien, gertakarien… irudiak bilatzen ditugu, baita gure herriaren bizitza islatzen duen beste edozein une ere”, adierazi dute ekimenean lanean ibiliko diren elkarteko kideek.
Segurtasun osoa bermatzeko, argazkiak Gerediaga Elkartean digitalizatuko dira eta, lana amaitutakoan, jabeei bere horretan itzuliko zaizkie. “40 urte hauek etorkizunera begira ospatu nahi ditugu, baina gaur egun ezagutzen dugun Mañaria eraiki zutenen aztarnak ahaztu gabe”, nabarmendu dute elkarteko ordezkariek.
Bilketa uztailaren 1etik 29ra bitartean egingo da, asteazken eta ostiraletan, Ursula Donea Elkartearen lokalean. Hauek dira ordutegiak:
-
Asteazkenetan (uztailak 1, 8, 15, 22 eta 29): 11:00etatik 13:00etara.
-
Ostiraletan (uztailak 3, 10, 17 eta 24): 17:00etatik 19:00etara.


