DOT Durangaldea

Durangok Kolonbiako Nasa herriarekin duen lankidetza indartu du

Bisita Durangoko Udalaren eta Garabide elkartearen arteko lankidetzaren baitan kokatzen da

Bisita pasadan astean izan zen

DURANGO | Durangoko Udalak eta Garabide elkarteak lankidetza berritu dute Durango-Garabide hitzarmenaren baitan. Ekimen honek jarraipena ematen dio Kolonbiako komunitate indigenekin, bereziki Caucako Nasa herriarekin, kultura- eta hizkuntza-lankidetzara bideratutako elkarlanari.

Akordio honek aukera ematen du esperientziak trukatzeko eta hizkuntza zein kultura biziberritzeko prozesuetan laguntzeko proiektua garatzen jarraitzeko. Zehazki, Nasa Yuwe hizkuntzaren erabilera indartzea bultzatzen da hezkuntzaren esparruan, irakasle indigenen eta eragile komunitarioen prestakuntza lagunduz, baita haien errealitatera egokitutako tresna pedagogikoak garatuz ere.

Proiektuak 16.000 euroko udal ekarpena du jarduerak gauzatzeko. Hitzarmena Durangoko Udalaren eta Garabideren arteko lankidetza egonkorraren baitan kokatzen da, eta elkarrekin lan egiten dute tokiko eta nazioarteko testuinguruen arteko ikaskuntza errazteko.

Testuinguru horretan, garrantzi berezia hartzen du Nasa herriaren ordezkariek gaur, ekainaren 25ean, Durangora egindako bisitak. Haien presentzia “Pentsamenduaren eta hitzaren haria” Ju’gthë’sx Pthuuse’jnxi’s programari lotuta dago, zeinak Linguapax Nazioarteko Saria jaso baitu. Sari horrek Nasa Yuwe hizkuntzaren biziberritzearen inguruan egindako lan komunitarioari balioa eman dio, murgiltze eredua, belaunaldien arteko ahozko transmisioa eta kultura indartzea nabarmenduz.

Horrela, Durangoko Udalak lankidetza kulturalarekin, hizkuntza-aniztasunarekiko errespetuarekin eta herrien nortasuna hizkuntzaren eta kulturaren bidez indartzen duten ekimenei laguntzearekin duen konpromisoa berretsi eta sakontzen du.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top