Gutxieneko kanona hilean 363 eurokoa da eta kontratua gehienez hamar urtez luzatu ahalko da

MAÑARIA | Mañariko Udalak Errekondo jatetxearen kudeaketa esleitzeko lizitazio publikoa abiatu du. Interesdunek abuztuaren 3ra arte izango dute euren proposamenak aurkezteko aukera.
Lizitazio honen bidez, Udalaren helburua da herriko jatetxe enblematiko honen kudeaketa esleitzea, herritarrei zein bisitariei ostalaritza zerbitzua bermatzen jarraitzeko. “Errekondo herriko eguneroko bizitzaren parte izan da urte askoan. Lizitazio honen bidez, kalitatezko zerbitzua eta kudeaketa egonkorra bermatzea da gure helburua”, adierazi du Aitziber Areitio alkateak.
Baldintzak
Deialdiak kudeatzaile berriari egonkortasuna eskaintzea du helburu, eta baldintza ekonomiko oso eskuragarriekin abiatu da:
-
Iraupena: Kontratuaren hasierako iraupena bi urtekoa da. Ondoren, urtez urte luzatu ahal izango da, gehienez zortzi aldiz (guztira 10 urteko epea osatuz).
-
Kanona: Gutxieneko kanona hilean 363 eurokoa izango da (BEZa barne). Lizitatzaileek kopuru hori gorantz hobetu ahal izango dute euren eskaintzetan.
Lizitazioari buruzko informazio osoa, xehetasunak eta baldintza administratiboen plegua eskuragarri daude dagoeneko Mañariko udaletxean eta Euskadiko Kontratazio Plataforman.


