Egurrezko jolasak, zirku ikuskizuna, musika zuzenean eta tradiziozko sua uztartuko dituzte, bi elkartasun ekimenekin batera

DURANGO | Durango urteko gaurik magikoenetako bat ospatzeko prest dago. Aurten, San Juan bezpera gabako ekitaldi guztiak Otamotzena parkean zentratuko dira martitzen honetan. Herria auzo elkarteak antolatuta, eta San Agustin Kultur Gunearen laguntzarekin, adin guztientzako egitarau herrikoi, parte-hartzaile eta solidarioa prestatu dute.
Jaia eguerdian hasiko da; 12:00etatik 18:00etara bitartean, haur eta familientzako egurrezko jolasak egongo dira parkean.
Arratsaldeko 18:00etan, txokolate jatea eta elkartasuna eskutik helduta etorriko dira txokolatada solidarioarekin. Ekimen honetan bildutako dirulaguntza gaixotasun arraroen ikerketara bideratuko da. Gainera, jaietan zehar “Geu Beren Alde” taldearen txosna solidarioa egongo da zabalik.
Ondoren, 18:30etan, parkea magiaz eta umorez beteko da Zirko Txosko taldearen “Oh Pera” zirku ikuskizunari esker.
Musika eskaintza 19:30etan hasiko da, kaleak girotuko dituzten auzoko trikitilariekin. Jarraian, 20:30etan, musika emanaldi nagusiaren txanda izango da “Havana 537” taldearen kontzertuarekin.
Egunari amaiera borobila emateko, gauerdia baino lehen, sua izango da protagonista. Tradiziozko San Juan sua piztea 22:30ean izango da, udako solstizioari ongietorria emateko.


