DOT Durangaldea

Durango berdeago, freskoago eta garbiago bat egiteko plan integrala aurkeztu du EH Bilduk

Koalizioak ohartarazi du Durangok 8 m² berdegune besterik ez duela biztanleko, Osasun Antolakundeak (MOE) gomendatutako 15 m²-etatik oso urrun

Durangoko EH Bilduk bere Trantsizio Ekosozialerako Plan Integrala aurkeztu du

DURANGO – Bero-bolada betean eta klima-aldaketaren inguruko eztabaida mahai gainean dagoela, Durangoko EH Bilduk bere Trantsizio Ekosozialerako Plan Integrala aurkeztu du jendaurrean. Udalerria hiru norabide nagusitan eraldatzea helburu duen ibor-orria da: Durango berdeago, freskoago eta garbiago egiteko, jada pairatzen hasi garen krisi ekologikoaren ondorioei aurre egiteko.

Txostenaren aurkezpenean, Ima Garrastatxuk berehalako neurri instituzionalak hartzeko premia azpimarratu du. “Tenperaturen igoera, uholde-arrisku handiagoa edota suteak gero eta ohikoagoak izango dira, eta Durango prest egon behar da”, adierazi du, trantsizio ekosoziala etorkizuneko erronka bat ez dela, gaurdanik hartu beharreko norabidea baizik.

Koalizioaren diagnostikoak agerian utzi duenez, Durangok gaur egun 8 m² berdegune ditu biztanleko. Zifra hori oso urrun dago Munduko Osasun Erakundeak (MOE) gomendatzen dituen gutxieneko 15 m²-etatik.

Egoera horri buelta emateko, planak Durangoko Sare Berdea sortzea proposatzen du, parke berriak sortuz eta euren arteko lotura eginez. Trenbide zaharreko lurrak herriaren biriki berde bihurtuko lirateke. Horrez gain, Larrinagatxurako bidean dagoen zabor transferentzia gunea Ekoetxe bihurtzea planteatzen dute, hirigunea eta inguruko basoak modu naturalean konektatzeko.

Bigarren ardatzak herriko aurreikuspen klimatikoen alarmari erantzuten dio: mende erdirako tenperaturak ia bi gradu igoko dira eta bero-boladen iraupena 4,5 egunetik 7 egunera luzatuko da.

Gauzak horrela, Oihana Estibezek hirigunea berora egokitzeko neurriak zehaztu ditu:

  • Gerizpe eta ur-jokoak: Puntu ezberdinetan gerizpez, iturriz eta umeentzako ur-jokoz hornitutako parkeak bermatzea.

  • Ibaiertzak berreskuratzea: Ibaiertzak garbitu, seinalizatu eta egokituko dira, herritarrentzat bainurako eta fresko egoteko gune izan daitezen.

  • Larrialdiko neurria: Tabirako eta Landakoko igerilekuak doan irekitzea tenperatura altuengatik alerta ezartzen den egunetan.

Azkenik, planak Berotegi Efektuzko Gasen isuriak gutxitzea du helburu. Adituen arabera, neurririk hartu ezean, Durango 2018ko 87.162 tona CO₂ baliokidetik 122.983 tonara pasako da 2030ean; hau da, %41 gehiago.

Goranzko joera hori oztopatzeko, EH Bilduk bi norabidetan eragin nahi du: mugikortasun jasangarrian eta energia-trantsizioan. Mugikortasunari dagokionez, bidegorri sarea handitzea, alokairuzko bizikleta zerbitzua abiatzea eta isuri gutxiko eremuak zabaltzea proposatzen dute, autoaren presentzia gutxitzeko. Energian, berriz, udal eraikinen kontsumoa murriztea, eguzki-energia fotovoltaikoa zabaltzea eta energia-komunitate lokalak sustatzea defendatzen dute, erregai fosilekiko menpekotasuna apurka-apurka hausteko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top