Amorebietak batzorde berriaren osaketa ofizializatu du

FUTBOL | Lehendakaritzarako eta Zuzendaritza Batzorderako hautagaitzak aurkezteko eta aurkeztutako plantxa bakarraren kontra inpugnazioak egiteko epeak amaitu ondoren, Hauteskunde Batzordeak ofizialki izendatu du SD Amorebietako Zuzendaritza Batzorde berria. Honako pertsona hauek osatzen dute: Carlos Gómez Vicandi (presidentea), Iera Beobide Dudagoitia (presidenteordea), Julen Solagaistua Balanzategui (idazkaria), Jesús Antonio Luaces Carreño (diruzaina) eta Francisco Javier Echevarria Barruetabeña (batzordekidea).
“Ilusio handiz egiten diogu aurre erronka honi, SD Amorebieta 100 urte baino gehiago dituen kluba da eta bere historiari gure ekarpen txikia egin nahi diogu”, esan du Gómez Vicandik, gaur egun Durangon bizi den Euba auzoko zornotzarrak. “Harrobiko futbolari gehiago lehen taldera heltzea eta herriko gazteak klubarekin identifikatuago sentitzea lortu nahi dugu”, gaineratu du presidente berriak. Bera SDAri txikitatik lotuta dago, klubaren beheko mailetan jokatu baitzuen. Ogibidez ekonomialaria, esperientzia du futbol-erakundeen kudeaketan. Izan ere, Durangoko Sapuherriak taldeko presidentea izan zen 15 urtez eta Euskadiko Futbol Federazioko Zuzendaritza Batzordeko kide izan zen 2021 eta 2025 bitartean, diruzain kargua betez.


