DOT Durangaldea

Oleta ibaiko ezpondak egonkortu eta ingurua seguruago bihurtu du URAk Otxandion

Presazelaiko presa-hustubidea apurtu ostean, galdutako lurra berreskuratu dute

Lanek 46.000 euroko inbertsioa jaso dute ibaiaren ingurua lehengoratzeko

OTXANDIO | Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikitako URA-k, Uraren Euskal Agentziak, Oleta ibaia lehengoratzeko lanak amaitu ditu. Presazelai inguruan ibaiaren eskuinaldea erabat jota utzi zuen 2025eko ur-goraldi indartsu batek: presaren egitura zati batean hautsi eta ibertzea higatu zuen. Lan hauei esker, urak eramandako lurrak bere tokira itzuli dituzte, ibaiaren joan-etorria naturalizatu dute eta, batez ere, Mekoletako aisialdi-gunera hurbiltzen diren herritarren segurtasuna bermatu dute.

Gunearen balio ekologikoari eutsi nahian, obrak bioingeniaritza teknikak erabiliz egin dituzte; hau da, elementu artifizial edo zurrunik gabe, ibaiaren berezko dinamika errespetatuz. “Ingurua berreskuratzeko eredu argia da hau. Ezponda bati egonkortasuna eta segurtasuna itzuli diogu, baina ibaiaren biodibertsitatea eta kalitate ekologikoari kalterik egin gabe”, azaldu dute obraren arduradun teknikoek.

Lan hauek URAk eta Otxandioko Udalak herriko ibaiak zaintzeko eta mantentzeko duten lankidetza-hitzarmenari esker gauzatu dira. Guztira, 46.000 euroko inbertsioa egin da (BEZa barne), eta Europako Eskualde Garapeneko Funtsaren (EGEF 2021-2027) babesa jaso du proiektuak.

Ibaiaren horma berria sendotzeko, enborrak sartu dituzte oinarrian, eta lurrez zein harri-koskorrez osatutako ezponda berriaren gainean jute biodegradagarrizko manta bat zabaldu dute, landaredia berriz ere bertan sustrai dadin. Gainera, presaren hausturak alboan sortutako bide naturalari eutsi diote, uraren fluxua modu askeagoan eta naturalagoan joan dadin.

Kontuan hartu behar da inguru hau Zadorrako urtegien kontserbazio eremuan (KBE) kokatuta dagoela. Hori dela eta, arreta handiz lan egin da: aisialdi-guneko lizar lepatuak babestu dituzte, bisoi europarraren eta igarabaren habitatak ez asaldatzeko neurriak hartu dira, eta lanak lehorrean egin dira ura ez lausotzeko. Amaitzeko, inguruko harizti eta basoei dagokien landaredia ereingo dute bertan.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top