Izena emateko epea ekainaren 8tik 14ra egongo da zabalik Lanbideren webgunean

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebieta-Etxanoko Udalak enplegagarritasuna eta herriko garapen sozioekonomikoa sustatzeko apustu sendoa egin du berriro. 2026ko Enplegu Planaren barruan, langabezian dauden herritarrei zuzendutako kontratazio prozesu berri bat jarriko du martxan ekainean. Ekimen honen bidez, 9 zornotzarrek lortuko dute lana: 8 peoi gisa arituko dira eta pertsona bat arduratuko da lantaldea gidatzeaz.
Auzorik auzo eta berdegunez berdegune, espazio publikoen mantentze-lanak indartzea izango da euren zeregin nagusia. Kontratuek sei hilabeteko iraupena izango dute eta udan bertan hasiko dira lanean. Interesatuek Lanbideren webgunearen bidez eman beharko dute izena, ekainaren 8tik 14ra bitartean.
Baldintzak
Deialdi honetan sartu nahi duten hautagaiek baldintza zehatz batzuk bete beharko dituzte:
-
Lanbiden lanbila gisa erregistratuta egotea.
-
Gutxienez urtebetez Zornotzan erroldatuta egotea.
-
Talde-arduradun posturako, B motako gida-baimena izatea.
-
2024ko urtarrilaren 1etik aurrera Udalarekin lan-kontraturik eduki ez izana.
Izen-ematearekin batera, NAN edo AIEren kopia, DARDE (EABA) agiria, lan-biziaren txostena eta, talde-buruen kasuan, gida-baimenaren kopia aurkeztu beharko dira.
Udalak gogorarazi du kontratazio hauek, langabeei aukera berri bat emateaz gain, herriko bizi-kalitatea hobetzeko balio dutela, hiri-ingurunea eta naturguneak zainduago egongo baitira. Argibide gehiago nahi izanez gero, herritarrek Udal Enplegu Bulegora jo dezakete (San Miguel kalea, 3) edota 94 630 00 02 telefonora deitu (1402 luzapena).


