Klubek, eskolek eta kirolariek salatu dute instalazio estali bat ez izateak harrobiaren garapena moteltzen duela. Neguko baldintza gogorrei aurre egiteko erabilera anitzeko gune seguru bat eskatzen dute

BERRIZ – Bizkaiko txirrindularien kolektiboak ahotsa altxatu du gure lurraldean kirol honen etorkizunerako ezinbestekoa den proiektu bati bultzada emateko: Berrizko belodromoaren estalkia eraikitzea. Eskolek, klubek eta kirolariek “ezinbesteko azpiegutzat” jotzen dute lan hau, pistako txirrindularitza segurtasun osoz garatu eta praktikatu ahal izateko.
Kolektibotik gogorarazi dutenez, eguraldiaren menpe egoteak muga handia dakar, batez ere neguko hilabeteetan. Bizkaiko hotzak eta ohiko euriek modu erregularrean entrenatzea eta lehiatzea zaildu edo ezinezko bihurtzen dute. Belodromo estali batek, ordea, egoera hau zuzenduko luke, urte osoan zehar jarduera bermatuz eta entrenamendu zein lehiaketetarako baldintza egokiak eskainiz.
Prestakuntza eta kirol arloko arduradunek azpimarratu dute belaunaldi berrien etorkizuna jokoan dagoela. Gaur egungo beharretara egokitutako eta eguraldi txarretik babestutako azpiegiturarik gabe, oso zaila da beste lurralde batzuen mailan egotea eta pistako txirrindularitzan errelekua ziurtatzea.
“Belodromoaren estalkia ez da kapritxo bat, Bizkaiko kirolarientzat benetako premia bat baizik”, adierazi dute oharrean. Eskari honek, goi-mailako errendimendua laguntzeaz gain, tokiko txirrindularitza-eskoletan hasiberriak diren ume eta gazteentzat ingurune seguru bat eskaintzea du helburu.
Kirol arlotik harago, proiektua herritar guztien mesederako inbertsio estrategiko gisa defendatzen dute. Estalkiari esker, instalazioa erabilera anitzeko gune moderno bihurtuko litzateke. Horrela, txirrindularitza hartzeaz gain, kultura, gizarte edo bestelako kirol ekitaldiak antolatzeko gaitasuna izango luke, Durangaldeko eskualde osoarentzat balio handiko azpiegitura bilakatuz.
Dei zuzena Mankomunitateari
Kirolarien begirada guztiak tokiko administraziora zuzenduta daude. Eskari biltzaileek gogorarazi dutenez, pauso zehatzak ematea eta beharrezko konpromiso ekonomiko zein kudeaketakoak hartzea Durangaldeko Mankomunitatearen erantzukizuna da.
Hori dela eta, erakunde horri proiektua lehenbailehen bultzatzeko eta gauzatzeko eskatu diote indarrez, gure lurraldean hain erro sakonak dituen kirol honekin dagoen herri-zor historikoa behingoz kitatzeko.


