Txapelketa ekainaren 6an jokatuko da, goizeko 8:00etatik aurrera, Gure Kirolak frontoiko bolatokian, eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako parte-hartzaileak bilduko

BOLO TXAPELKETA | Martxoaren 21ean aurkeztu zuten ofizialki Amorebieta-Etxanon jokatuko den Bolatoki modalitateko Euskadiko Bolo Txapelketa.
Txapelketa ekainaren 6an, larunbata, jokatuko da Gure Kirolak-eko bolatokian, goizeko 8:00etatik aurrera, eta Euskadiko bolo zaleentzako hitzordu nagusietako bat izango da aurten ere. Lehiaketan hiru lurralde historikoetako taldeak lehiatuko dira elkarren aurka: Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba. Probintzia bakoitzak 15 gizonez eta 3 emakumez osatutako ordezkaritza izango du, maila handiko lehia eta giro aparta bermatuta.
2012tik urtero antolatzen den txapelketak lotura berezia dauka Amorebieta-Etxanorekin, izan ere, hiru urtean behin udalerrian jokatzen da. Horrek erakusten du herriak eta bertako klubek euskal boloaren sustapenean duten pisua eta tradizioa. Zornotza Bolo Klubek urte luzez egindako lanari esker, Amorebieta-Etxano erreferente bihurtu da modalitate honetan.
Aurkezpenean, parte-hartzaileek azpimarratu zuten boloak herrian duen sustrai historikoa eta belaunaldiz belaunaldi mantendu den zaletasuna. Era berean, txapelketa honek kirol lehiaz harago doan balioa duela nabarmendu zuten, euskal kirol tradizionalak eta herri nortasuna indartzeko topagune ere badelako.
Amorebieta-Etxanoko Udalak euskal kirol tradizionalen aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta boloa eta herri kirolak belaunaldi berrien artean zabaltzea eta praktika bultzatzea sustatzen ditu.


