Senideek eta alderdiko buruzagiek lore-eskaintza egin dute haren omenezko plakaren aurrean

DURANGO | ETAk Jesus Mari Pedrosa PPko zinegotzia tiroz hil zuela 26 urte beteko dira bihar. Hori dela eta, gaur goizean omenaldia egin diote Durangon, atentatua gertatu zen leku berean: Ermodo eta Juan Antonio Abasolo kaleen arteko kantoian, Gaztelumendi farmaziaren parean hain zuzen.
Ekitaldian izan dira Carmen Hernandez Pedrosaren alarguna eta Ainhoa alaba, baita Carlos Garcia Durangoko zinegotzi popularra eta Javier de Andres Euskadiko PPko presidentea ere, alderdiko beste hainbat kiderekin batera. Loreak utzi eta minutu bateko isilune hunkigarria gorde ondoren, bertaratutakoek Pedrosaren memoria aldarrikatu dute haren oroimenezko plakaren ondoan.
Carlos Garciak balioan jarri du aurten, lehen aldiz, omenaldia hilerrian egin beharrean erailketa gertatu zen kale-izkinan bertan egin izana. Garciaren ustez, terrorismoaren biktimen oroimena kalean bertan bizirik mantentzea ezinbestekoa da belaunaldi berriek gertatutakoaren berri izan dezaten. “Plaka hauek Durangoko azalean iltzatuta daude betiko”, adierazi du bozeramaileak.
Bestalde, Javier de Andresek azpimarratu du Pedrosa gogoratzea “orainaldiko kontua” ere badela. Ildo horretatik, Euskadin oraindik ere jazarpen eta mehatxu zantzuak badirela salatu du, eta adibide gisa jarri du duela aste gutxi Carlos Garcia zinegotziak berak jasandako seinalatzea.
Ekitaldia amaitu ostean, bertaratutakoek herriko beste hainbat txokotara jo dute, Durangori lotutako ETAren beste biktima batzuen plaken aurrean ere loreak uzteko.


