DOT Durangaldea

Iurretako Iurrelek taldeak garaipen bikoitza lortu du 2026ko Euskelec txapelketan

Iurretako ikastetxeak metodologia proiektu onenaren saria berritu du eta, gainera, berdintasunaren eta emakumeen parte-hartzearen aldeko konpromisoaren aitortza jaso du

Bi sari lortu dituzte

IURRETA | Gasteizek pasadan asteburuan hartu zuen Tknikak antolatutako Lanbide Heziketako IX. Euskelec txapelketan, CIFP Iurreta LHIIko Iurrelek taldeak historia egin du berriro. Bigarren urtez jarraian, metodologia proiektu onenaren saria eskuratu du ikastetxeak eta, horrez gain, berdintasunarekiko eta emakumeen parte-hartzearekiko konpromisoaren saria eraman du, bikaintasun-ibilbidea finkatuz.

Iurreleken arrakastaren gakoa diziplinarteko izaeran datza. Espezialitate bakar baten mugak gaindituz, CIFP Iurreta LHIIko sail guztiek hartzen dute parte proiektuan: Automozioa, Fabrikazio Mekanikoa, Elektronika, Administrazioa eta Mendetasun-egoeran dauden pertsonentzako arreta. Ikasle eta irakasleen arteko elkarlan honi esker, 2025-2026 ikasturte osoan zehar landutako alderdi teknikoak, kudeaketakoak eta diseinukoak uztartzen dituen ibilgailu elektriko integral bat eraikitzea lortu dute.

Azterketa sakona boxetan eta pistan

Txapelketak bi fase nagusi izan ditu. Lehenengoan, diseinua, berrikuntza eta komunikazioa baloratu ziren epaimahai baten aurrean aurkeztutako memoria tekniko baten bidez. Bigarren fasean, alderdi dinamikoan, ibilgailuaren ezaugarriak neurtu ziren asfalto gainean.

Maiatzaren 16ko (larunbata) egiaztapen eta balorazioen ostean, maiatzaren 17an (igandea) egin ziren balaztatze, azelerazio, slalom eta erresistentzia probak, eta bertan erakutsi zuen Iurretako prototipoak bere fidagarritasun teknikoa.

CIFP Iurreta LHIItik eskerrak eman nahi dizkiete babesle instituzional eta pribatuei, bereziki Iurretako eta Durangoko udalei, baita Amaya Auto Reparaciones, AlluitzMotor, Tortillas Arripu, Garaje San Miguel Iurreta, Macober eta Bahco enpresei ere. Era berean, Barrutialde BHI, CIFP Meka LHII eta Somorrostro Prestakuntza Zentroaren laguntza nabarmendu dute.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top