Olazarmendi klubeko gimnastak Guadalajarako Espainiako Txapelketarako txartela bereganatu du, Leioan saio bikaina osatu ondoren

GIMNASIA ERRITMIKOA | Zaldibarko Olazarmendi Klubak bere hazkundea sendotzen eta mugarriak jartzen jarraitzen du. Jarduera handiko aste batzuen ondoren, erakundeak bere kirolarien maila bikaina erakutsi du berriro ere, bai federatu mailan, bai eskolartekoan, eguneroko lanaren arrakasta islatzen duten banakako zein taldekako tituluekin.
Poz handiena maiatzaren 16an, zapatuan, iritsi zen Leioako Sakoneta kiroldegian, Gizonezkoen Euskadiko Txapelketa Absolutuaren egoitzan. Hodei Rivas gimnasta ermuarrak hiru ariketa bikain osatu zituen eta, erakutsitako erregulartasunari esker, Euskadiko txapeldun izendatu zen kategoria absolutuan.
Garaipen hau ataririk onena da ekainaren 13tik 18ra Guadalajaran ospatuko den Banakako Espainiako Txapelketa Absolurako; izan ere, Olazarmendik gizonezkoen estatuko kategoria nagusian parte hartuko duen lehen aldia izango da.
Rivasentzat erronka handia da: oinarrizko kategorian lehiatu ondoren, aurten estatuko elitera egingo du salto, eta ariketa bakar baten ordez hiru defendatu beharko ditu. Erronka honi “gogorik handienarekin eta entrenamendu ordu ugari eginda” aurre egingo diola azaldu dute Zaldibarko klubetik.
Arau-kolpea

Arrakasta harrobitik ere iritsi da. Eskola A mailako gimnastek sailkapen bikaina lortu zuten asteburu honetan Eskoriatzan jokatuko diren Euskadiko Eskolarteko Jokoetarako.
Sailkatuen artean, Olazarmendi Ekidom haur-taldea nabarmentzen da, Bizkaiko txapeldun berria, baita alebin-taldea ere.
Hala ere, azken honen prestaketari ezusteko administratibo batek eragin dio: aurten, lehen hezkuntzako bosgarren mailako gimnastei lehiatzea ahalbidetzen zien salbuespena kendu egin dute. Aldaketa horren ondorioz, Irati Perezek ezingo du parte hartu, eta Noa Salazar taldekideak hartuko du bere lekua.
Teknikariek onartu dute neurriak haurtzaroa babestea eta goiztiar teknifikatzea saihestea dituela helburu, baina egoera gogorrak sortzen dituela deitoratu dute. Denboraldi osoan taldekideekin batera lan egin ondoren, Irati azken txanpan geratu da kanpoan; Olazarmendirentzat historikoa izaten ari den urte hau apur bat ilundu duen erabakia, hain zuzen ere.


