283.000 euroko inbertsioa, 15 urteko erabileraren ondoren zelaia berritzeko eta material jasangarriagoak erabiltzeko

ABADIÑO | Udalak Astolako kirol instalazioetan dagoen goiko futbol zelaiaren berdegunea berritzeko lizitazioa kaleratu du, 283.000 eurotan. Astolak bi futbol zelai ditu, eta zaharrena berritu beharra dago, bere balio-bizitza amaitzear baitago 15 urtetik gorako erabilera intentsiboaren ondoren.
Abadiñoko futbol zelaia talde ugarik erabiltzen dute, bai emakumezkoek bai gizonezkoek, eta guztiek behar dute entrenamendu eta lehiaketetarako egoki prestatutako zelaia. Horregatik, berritze lanaren helburua da herriko kirol jardueraren kalitatea eta jarraikortasuna bermatzea. Legegintzaldi hasieratik, Udalak Astolako instalazioak hobetzeko erronkari eutsi dio, aldagela berriak sortuz eta kirol taldeekin hitzarmen ezberdinak sinatuz.
Esku-hartzea aprobetxatuz, zelaiaren ezaugarriak egungo ingurumen eskakizunetara egokituko dira. Horretarako, belar artifizial jasangarriagoa erabiliko da, hondarrez betetako sistema baliatuz, ohiko kautxuaren ordez.
Lizitazioan alderdi tekniko garrantzitsuak hartuko dira kontuan, hala nola zuntzaren pisua (gr/cm²), belarraren DTEX osoa, monofilamentu zuzena, eta testuradunaren gutxieneko lodiera eta oinarri elastikoa.
Obren exekuziorako aurreikusitako epea 8 astekoa da, nahiz eta epeak murrizteko proposamenak baloratuko diren.
Udal ordezkariek nabarmendu dute “berrikuntza honek aukera emango digula Abadiñoko futbol talde guztiei kalitatezko instalazioak eskaintzeko”, eta lan hauek herriko kirol instalazioak hobetzeko martxan jarritako neurri multzoaren parte direla.
Era berean, ingurumen ikuspegia azpimarratu dute: “Gaur egungo erronka nagusietako bat da azpiegiturak jasangarritasun irizpideetara egokitzea, eta proiektu honetan urrats garrantzitsua emango dugu, material berritzaileago eta ingurumena errespetatzen dutenak erabiliz”.


