DOT Durangaldea

Durangon ‘faxismoaren’ aurkako manifestaziora abenduraren 5ean

Euskal Herrian Euskarazek deituta, abenduaren 5ean egingo dute mobilizazioa, 13:30ean, Landako Gunetik abiatuta

Manifestazioa abenduaren 5ean, 13:30ean, Landako Gunetik abiatuko da

DURANGO | Euskal Herriko 50 eragile baino gehiagok bat egin dute Euskal Herrian Euskarazek abenduaren 5erako Durangon deitutako manifestazio nazionalarekin. Faxismoaren eta eskuin muturraren gorakada salatzea eta euskararen defentsa balio antifaxistetatik aldarrikatzea izango ditu helburu mobilizazioak.

Atxikimendua adierazi duten hainbat erakundetako ordezkariak Durangon bildu dira astearte honetan, abenduaren 5eko hitzorduaren garrantzia azpimarratzeko eta euskaltzaleei bertaratzeko deia egiteko. Euskalgintzako eragileez gain, beste borroka esparru batzuetako herri mugimenduek eta sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin.

Agerraldian azaldu dutenez, euskararen egoerak haren aldeko borroka bizkortzea eta indartzea eskatzen du, bereziki eskuin muturra eta faxismoa indartzen ari diren testuinguru honetan. Horren aurrean, euskara Euskal Herri osoan lehentasun politiko eta sozial bihurtu behar dela nabarmendu dute, herritarren aktibazioaren eta antolakuntzaren bidez.

Ordezkariek euskararen defentsa faxismoaren aurkako borrokarekin lotu dute. Euskal Herriaren historia garaikidean faxismoak eta frankismoak euskararen eta euskaldunen aurka izandako eragina gogora ekarri dute, eta garai haiek goratzen dituzten ahotsak gero eta ozenago entzuten direla ohartarazi dute.

Euskal Herri euskalduna balio antifaxistetan oinarrituta eraikitzea aldarrikatu du Euskal Herrian Euskarazek. Erakundearen arabera, euskararen aldeko borrokak zapalkuntza guztiak gainditzeko borrokarekin bat egin behar du. Horretarako, Euskararen Errepublika du ipar, estatu frantsesetik eta espainiarretik aske izango den Euskal Herri euskaldun eta independentea eraikitzeko helburuarekin.

Manifestazioa abenduaren 5ean, 13:30ean, Landako Gunetik abiatuko da. Antolatzaileek euskaltzale guztiei egin diete Durangoko kaleak betetzeko deia, faxismoaren aurka eta Euskararen Errepublikaren alde.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top