Talde eragileak zortzigarren bilera egin du, eta Udalak herritar guztiei dei egiten die galdetegian parte hartzera

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebieta-Etxanoko Udalak urrats sendoak ematen jarraitzen du udalerri inklusiboago eta irisgarriago bat eraikitzeko, Amorebieta-Etxano Lagunkoia proiektuaren barruan. Dagoeneko zortzigarren bilera egin da talde eragilearekin, eta prozesuak herritarren eta udaleko teknikarien parte-hartzea uztartzen jarraitzen du.
Ekimen hau, 2025eko abenduan aurkeztua, herri eredua adin guztietarako egokia izan dadin sustatzea du helburu, pertsona nagusien ongizatea, autonomia eta parte-hartzea indartuz. Proiektuak Euskadi Lagunkoia programaren oinarriak hartzen ditu erreferentzia gisa, herritarren ikuspegia erdigunean jarriz.
Diagnostiko-fasean hamar saio aurreikusi dira talde eragilearekin, eta gaur egun 26 lagunek osatzen dute: 17 emakume eta 9 gizon.
Espazio publikoak, segurtasuna, garraioa, etxebizitza eta gizarte- eta komunitate-sarea bezalako gaiak landu dira, herritarren eguneroko bizitzan eragin zuzena duten alderdiak sakon aztertuz.
Era berean, udaleko teknikariek ere parte hartu dute, proiektuaren azalpena eta barne-lanketa sendotzeko, eta inkestaren diseinuan lagundu dute, herritarren iritziak modu egituratuan jasotzeko tresna prestatuz.
Talde eragilea itxia bada ere, Udalak herritar guztiei dei egiten die ekimenean parte hartzera. Horretarako, galdetegi bat jarriko da eskuragarri, udalerriko hainbat arlo aztertzeko: espazio publikoak, segurtasuna, etxebizitza, garraioa, komunikazioa, gizarte-sarea, aisialdia, errespetua eta inklusioa, eta gizarte- eta osasun-zerbitzuak.
Parte-hartzea errazteko, galdetegiak bi formatutan egongo dira eskuragarri:
- Paperean, udalerriko gune estrategikoetan, eta 60 urtetik gorako pertsonek etxean jasoko dute. Erantzunak jasotzeko kutxak egongo dira Udaletxean, Zelaietan eta Nafarroa Zentroko tabernan, maiatzaren 31ra arte.
- Online, esteka honen bidez: https://forms.cloud.microsoft/e/YPRS78qi0C
Herritarren ekarpenak funtsezkoak izango dira Amorebieta-Etxanoko Lagunkoitasun Plana definitzeko. Bildutako informazioan oinarrituta, udalerriaren beharrei erantzuten dieten jarduketa-ildoak zehaztuko dira, ondoren ekintza zehatzak martxan jarriz eta prozesu osoaren ebaluazioa eginez.
Amorebieta-Etxanoko Udalak azpimarratzen du herritarren konpromisoa eta parte-hartzea direla proiektuaren arrakastaren oinarria, eta dei egiten die herritar guztiei euren iritzia eman eta etorkizuneko herriaren diseinuan parte hartzera.


