Maiatzaren 24ra arte, Merina Gris, Skabidean edota Zopilotes Txirriaos taldeen kontzertuek eta adin guztietarako ekintzek jantziko dute herria

ABADIÑO | Jai giroak ez du etenik Abadiñon. Traña-Matienako San Prudentzio jaiak amaitzear direla, Zelaieta prest dago 2026ko San Trokaz jaiei hasiera emateko. Datorren asteartean, maiatzaren 12an, hasiko dira ofizialki ospakizunak.
Arratsaldeko 19:00etan izango da hasiera ofiziala, Gerbasen kalejirarekin. Hortik aurrera, hamabi eguneko egitarau zabala izango da herrian. San Trokaz egunean (maiatzak 15), Talde Batuak eta Txanbolin taldeen emanaldiez gozatzeko aukera izango da, eta arratsaldean Txiki Rock taldearen kontzertua eta Laprasten erromeria izango dira Txanporta plazan.
Musika izango da berriro ere protagonistetako bat Txanporta plazan:
-
Maiatzak 17: Garratz, Skabidean eta 48280 taldeen kontzertuak.
-
Maiatzak 23: Merina Gris, Zopilotes Txirriaos eta Lukiek taldeekin gau handia.
Horiez gain, jaietako beste hitzordu garrantzitsu batzuk ere izango dira: Gazte Eguna (maiatzak 16), artisautza azoka, kale antzerkia eta paella jatea erraldoia, besteak beste.
Doako gaueko autobusa
Jaietan modu seguruan mugitzeko, Udalak doako gaueko autobusa jarriko du maiatzaren 16an eta 23an. Zerbitzua orduro ibiliko da 24:00etatik 04:00etara, Traña-Matienatik irten eta Zelaieta, Muntsaratz eta Andra Maritik igaroz, herritarren, eta bereziki gazteen, joan-etorriak errazteko.


