Arte eta Historia Museoak “Espazioaren hustura” inauguratuko du bihar, 1970eko materialekin berreraikia

DURANGO | Gaur goizean aurkeztu da Durangon “Espazioaren hustura – Desocupación espacial” erakusketa. Jorge Oteiza eskultoreak 1970ean Durangorako garatu zuen proiektu bat da, baina inoiz gauzatu ez zena. Erakusketa bihar inauguratuko da Arte eta Historia Museoan eta abuztuaren 30era arte egongo da ikusgai; erakusketa hau Jorge Oteiza Fundazio Museoan kontserbatutako argitaratu gabeko dokumentazioan oinarritutako berreraikitze-lan baten emaitza da.
Ibilbideak espazioaren husturan zentratutako zortzi eskultura biltzen ditu —kuboaren eta esferaren inguruan antolatuak—, baita hamahiru collage eta dokumentazio-materiala ere. Multzoa osatzeko, zabalkunde-espazio bat dago, non 70 minutuko dokumental bat eta proiektu huts egin hura aipatzen duten Oteizaren beraren audioak entzun daitezkeen.
David Pavo komisarioak azaldu duenez, erakusketaren jatorria dokumentazio ugari egon arren erakusketa hura “egin ez zela” deskubritzea izan zen. “Altxor txiki batetik abiatzen ginen, baina forma eman behar genion”, adierazi du.”Altxor txiki bat genuen eskutan, baina forma eman behar genion”, adierazi du. Horretarako, Garazi Arrizabalagak zuzendutako lantaldearekin elkarlanean aritu da, jatorrizko asmoa errespetatuz eta edukia museora egokituz.
Agenda osagarria
Bestalde, Paule Sanchez museoko presidenteak azpimarratu du erakusketaren helburua ez dela soilik “Oteiza maisuaren proiektu berezi bat berreskuratzea”, baita arte garaikidearen eta gizarte durangarraren arteko lotura sakona indartzea ere.
Programazioa jarduera paraleloekin osatuko da: maiatzaren 13an, Elena Detalleresek zuzendutako “Pliegues, huecos y grietas” tailerra egingo da, eta egun berean, Pavok berak “Jorge Oteiza: Reinvención de la estatua” hitzaldia eskainiko du. Gainera, maiatzaren 19an, Aitor Aurrekoetxeak Oteiza eta Gaur taldeari buruz hitz egingo du, eta maiatzaren 26an, Miren Vadillok bere eskultura-ondarea jorratuko du. Bisita gidatuak ere egongo dira, euskaraz zein gaztelaniaz, maiatzaren 23an eta ekainaren 3an.


