DOT Durangaldea

Bizkaiak lehen sektoreari ematen dion babesa indartu du 2,5 milioi euro inbertituz

Nekazaritza-sektorearekin adostutako ekimen horrek 14 jarduketa biltzen ditu

Abadiñoko Ekitaldian Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe egon zen

ABADIÑO | Bizkaiko Foru Aldundiak Suspertze Plana aplikatu den lehenengo urtearen balantzea egin du; hain zuzen ere, lehen sektorea bultzatzeko asmoz nekazaritza-sektoreko ordezkariekin batera diseinatu den plana. Abadiñoko Ekitaldian Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek eta Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru-diputatu Arantza Atutxak hartu dute parte, EHNE eta ENBA sindikatuetako ordezkariekin eta Lursail kooperatibarekin batera.

Suspertze Planak 14 neurri biltzen ditu, bost eremu estrategikotan egituratuak: lurralde-oinarria, albaitaritza-osasuna, belaunaldi-aldaketa, errentagarritasuna eta giza bideragarritasuna. Arlo horiek definitzeko, partaidetza-prozesu bat egin zen, zeinean Bizkaiko nekazaritza-sektorearen beharrizan eta kezka nagusiak jaso baitziren.

Sortu zenean, urteko 2,04 milioi euroren aurrekontua esleitu zitzaion planari, baina lehenengo urte honetan egindako aurrekontu-ahalegina 2,48 milioi euroraino iritsi da; hortaz, gainditu egin da hasierako konpromisoa.

Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobek, erakundeak lehen sektorearekin duen konpromisoa nabarmendu, eta azpimarratu du ezen lehen sektorearen ondoan egotea, kontu ekonomikoa ez ezik, Bizkaiarentzako apustu estrategikoa ere badela. Eta gehitu du baserritarrek gure lurraldea kudeatzen dutela; bizirik mantentzen dutela landa-ingurunea, eta elikagaiak hurbil eta kalitatez ekoiztea bermatzen dutela. Amaitzeko, esan du horixe dela arrazoia aldundiak indartzen jarraitzeko haien lana eta etorkizuna babesten dituzten politika publikoak.

Funtsezko bost arlo sektorearen etorkizunerako

Suspertze Planak bost eremu ditu ardatz, Bizkaian lehen sektorearen etorkizuna bermatzeko estrategikotzat jotzen direnak: lurralde-oinarria, albaitaritza-osasuna, belaunaldi-aldaketa, ustiategien errentagarritasuna eta giza bideragarritasuna. Azken kontzeptu horrek sektorean lan egiten dutenen bizi-kalitatean ere jartzen du arreta.

Bi irizpide hauetan oinarrituta aukeratu ziren arlo horiek: batetik, sektorearentzat garrantzitsuak izatea eta, bestetik, foru-eskumenekoak izatea.

Lurralde-oinarria eta mendien kudeaketa hobetzea

Bizkaiko nekazaritza-sektorearen erronka nagusietako bat lurra eskuratzea da. Nekazaritza-eremu handiak dituzten beste lurralde batzuetan ez bezala, jarduera, gurean, haran eta mendi-hegaletako familia-ustiategi txikietan oinarritzen da, eta horrek baliabide estrategiko bihurtzen du hektarea bakoitza.

Lehenengo urte honetan, larreak hobetzeko jarduketak bultzatu dira onura publikoko mendietan eta nekazaritza-lurren funtseko lursailetan, 191.000 euro inbertituz. Zenbait tokitan esku hartu da, hala nola Oizen, Kolitzan (Balmaseda), Galdamesen, Gatikan, Ean, Urduñan eta Arroletzan (Barakaldo). Jarduketa hauek egin dira, besteak beste: sasiak garbitu; larreak hobetu; pistak egokitu, eta uraskak eta abereen pasabideak jarri.

Gainera, mendien foru-araudi berriaren bidez, arindu egin dira mendiak larre gisa erabili ahal izateko erabilera-aldaketen izapideak, eta abian jarri dira lepoko elektronikoen bidez larratze birtuala egiteko laguntzak. Halakoei esker, ez da hesirik behar mendian abereak gobernatzeko.

Bestalde, Negubaso proiektua bultzatu da Gorbeialdean, 180.000 euro inbertituz, neguan basoberen erabilera sustatzeko baso-larregintzako sistemen bidez zenbait udalerritan.

Jarduketa nabarmenetako bat da Karrantza haranean erreketa kontrolatuak egiteko lehenengo jarduketaren diseinua, larreen kudeaketa hobetzeko eta suteak prebenitzeko.

Aldi berean, indartu egin dira basoak bertan behera ez uzteko neurriak: 60.000 euro gehiago eman zaizkio Basogintza Elkarteari, eta abian jarri da Baso-Truke proiektua, 40.000 euro inbertituz, baso-partzelak trukatzeko eta haien kudeaketa hobetzeko.

Osasun-zaintza gehiago azienda babesteko

Albaitaritza-osasuna planaren lehentasunezko beste ardatzetako bat da, bereziki kontuan harturik abeltzaintzak presentzia handia duela gure lurraldean eta gaur egun gaixotasunak gero eta gehiago hedatzen direla.

Lehenengo urte honetan, 601 abeltzaintza-ustiategik sartu dute dagoeneko ustiategiko albaitariaren figura euren osasun-planaren barruan. 12 albaitarik parte hartu dute eta 107.000 euro baino gehiago inbertitu dira.

Berebat, basafauna kontrolatzeko jarduerak areagotu dira eta nabarmen murriztu dira nekazaritza-ustiategiek jasaten dituzten kalteak.

Belaunaldi-aldaketa eta errentagarritasuna, etorkizunerako gako

Nekazaritza-sektorearen zahartzea da erronka nagusietako bat. Batez besteko adina 49 urte ingurukoa da, eta azpisektore batzuetan 50 urtetik gorakoa; horregatik, funtsezkoa da sektorean jende gehiago sartzen laguntzea.

Bizkaian, jarduneko nekazaritza-ustiategi profesionaletatik 116k hurrengo bost urteetan hartuko dute erretiroa, titularrek 56 eta 61 urte bitarteko adina baitute.

Erronka horri aurre egiteko, abian jarri dira belaunaldi-aldaketarako bitartekaritza-bulego bat eta ustiategien banku bat, erretiroa hartzen dutenek aukera izan dezaten nekazaritza-jarduerari jarraipena emateko interesa duten pertsonekin harremanetan jartzeko.

Estrategiak barnean hartzen ditu, halaber, ustiategiak eskualdatzeko laguntzak, 50.000 eurorainokoak, erreleboa hartzen duenaren adinaren eta eskualdatze-formularen arabera.

Gainera, inbertsioen foru-dekretua berritu egin da, sektorea modernizatzen laguntzeko. 2025ean, lehenengoz ezarri da urte osoan zabalik dagoen deialdi bat, eta, horri esker, % 29 gehitu da eskabide kopurua, 230 espedientera iritsiz, eta % 40ko gehikuntza izan da emakume baserritarrek aurkeztutako eskabideetan.

Inbertsioa zenbait azpisektoretan banatu da, hala nola esnetarako behi-azienda (1,26 milioi euro), okelatarako behi-azienda (1,06 milioi), ardi-azienda (557.000 euro) eta berotegiko barazkigintza (250.000 euro).

Planak txakolinaren babesa ere bultzatu du, mahastiak ekologizatzeko proiektuen bidez eta hondarribi zuri barietatea hibridatzeko programa baten bidez, tratamendu fitosanitarioak murrizteko eta mahastizaintzaren jasangarritasuna hobetzeko Bizkaian.

Sektoreko bizi-kalitatea hobetzeko neurriak

Suspertze Planak giza bideragarritasuna (bidabilitatea) kontzeptua ere jasotzen du, zeina sektoreko emakumeek bultzatu baitute aldarrikatzeko ustiategien bideragarritasunak berekin ekarri behar duela bizimodu duina eta kontziliagarria.

Arlo horretan, hobetu egin dira seme-alabak jaiotzeagatik nekazaritza-ustiategietan ordezpenak egiteko laguntzak, 16 asteraino luzatuz diruz lagundutako aldia. 2025ean, hiru ustiategiren eskabideei erantzun zaie, eta 15.000 euro baino gehiago eman dira laguntzetan.

Orobat, administrazio-prozedurak sinplifikatu dira eta aurretiko hitzordua kendu da Gertu zerbitzuetan, nekazaritzako izapideak errazteko.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top