DOT Durangaldea

Zabalik Durangoko 2026ko Abesti Feministen VIII. lehiaketako bozketa

Durangon erroldatutako 16 urtetik gorako herritarrek abesti bakar baten alde bozkatu dezakete

Bozketa martxoaren 27ko 12:00ak arte egongo da zabalik

DURANGO | Durangoko Udalak ireki du 2026ko Abesti Feministen VIII. Lehiaketaren bozketa herrikoiaren epea. Berdintasun Sailak bultzatutako ekimen honen helburua da musikaren bidez emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko mezuak ikusaraztea eta sustatzea. Lehiaketa martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, dela eta antolatutako jardueren baitan kokatzen da, eta berdintasunarekin eta eraldaketa sozialarekin konprometitutako sorkuntza artistikoa sustatzea du xede.

Lanak aurkezteko epea amaitu eta abesti parte-hartzaileak hautatu ondoren, herritarrek beren proposamen gogokoena aukeratu dezakete orain. Bozketa martxoaren 27ko 12:00ak arte egongo da zabalik, eta udal parte-hartze plataformaren bidez egingo da, esteka honetan: https://partehartu.durango.eus/abesti-feministak. Bozketan parte hartu ahal izango dute Durangon erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek parte hartzeko aukera izango dute, abesti bakarra aukeratuz.

Lehiaketak abesti feministatzat hartzen du emakumeak edota haien eskubideak ardatz nagusi dituen musika konposizio oro. Ildo horretan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna irudikatzen duten abestiak, genero-aniztasuna eta genero-identitateak ospatzen dituztenak, dauden desberdintasunak agerian uzten dituztenak, maitasuna ahalduntzetik jorratzen dutenak, genero-estereotipoak zalantzan jartzen dituztenak, emakume ahaldunduak aurkezten dituztenak edo historian duten protagonismoa aldarrikatzen dutenak izan dira kontuan. Era berean, emakumeen arteko sororitatea, adiskidetasuna eta lankidetza ospatzen dituzten edo emakumeen aurkako indarkeria salatzen duten konposizioak ere aintzat hartu dira.

Edizio honetan, publikoaren babesa jaso dezaketen abestiak honako hauek dira:

  • Mirar a otro lado
  • Esnatu
  • Sekretua
  • Only a Prey
  • Emakumeon martxa
  • Marea Morea
  • La vida soy yo
  • La vida es ella
  • As I am
  • Bloom
  • Denona da

Lehiaketari amaiera emateko, sari banaketaren ekitaldia martxoaren 28an egingo da, 19:00etan, Plateruena Musika Aterpean. Bertan, abesti finalistak zuzenean interpretatuko dira eta proposamen irabazleak jakinaraziko dira.

Durangoko Udalak herritarrei bozketan parte hartzeko deia egiten die, euren aukeraren bidez berdintasuna eta justizia soziala sustatzen dituzten ekimenak babestera.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top