DOT Durangaldea

Abadiñok herritarrekin batera erabakiko du Atxarteko harrobien etorkizuna

“Atxarte osatzen” parte-hartze plana, Ekopol taldearekin elkarlanean, martxotik uztailera garatuko da

Parte-hartze planaren aurkezpena Atxarten.

ABADIÑO | Abadiñoko Udalak Atxarteko Harrobien Paisaia Berreskuratzeko Plan Berezia aurkeztu du gaur goizean, Urkiolako Parke Naturalaren barruan kokatutako espazio degradatu horren izaera eta erabilera berria herritarrekin batera zehazteko helburuarekin. Ekopol disziplina anitzeko ikerketa taldeak prestatutako ibilbide-orriak 1971 eta 1996 artean kareharria ustiatu ondoren leheneratu gabe geratu ziren 50 hektarea baino gehiago berreskuratzea du xede, Parke Naturalaren Babes Bereziko Eremu batean. Egindako diagnostikoak azpiegitura industrial abandonatuak, lurzoruan eragindako kalteak eta ezpondetako ezegonkortasunarekin eta higadura prozesuekin lotutako arriskuak identifikatu ditu.

Mikel Urrutia alkatearen hitzetan, “Atxarteko harrobiak berreskuratzea tokiko nortasuna indartzea eta udalerri, eskualde eta Bizkaiko ingurune natural adierazgarrienetako bat babestea da”, eta etorkizuneko proiektua “modu kolektiboan eraikia” izango dela nabarmendu du. Ildo beretik, Edurne Maguregi alkateordeak adierazi du proiektua “adostasun sozialean, zorroztasun teknikoan eta erantzukizun partekatuan” oinarrituko dela.

Egutegia

“Atxarte osatzen” parte-hartze prozesua martxotik uztailera garatuko da, eta saio informatibo irekiak, tailerrak, inkestak, harrobira bisita gidatuak eta www.atxarteosatzen.eus webgunearen bidezko kanal digitalak izango ditu. Egutegia martxoaren 12an hasiko da, 19:00etan, Errota Kultur Etxean “Atxarte, iraganetik etorkizunera” dokumentalaren proiekzioarekin; apirilaren 23an, berriz, mahai-ingurua egingo da Durangoko San Agustin Kulturgunean. Maiatzean auzoetako saio irekiak eta ikastetxeetako tailerrak antolatuko dira; ekainean bisita gidatuak izango dira, eta uztailean prozesuaren emaitzak aurkeztuko dira.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top