Tenperaturak 15 gradu ingurukoak izango dira datozen egunetan

EGURALDIA | Asteburu aldakorra Durangaldean eguraldi aldakorrarekin, baina orokorrean euri gutxi. Hego-haizeak nagusi izaten jarraituko du, batzuetan bolada gogorrekin. Tenperaturak aste honetako antzekoak izango dira, 15 gradu ingurukoak.
Ostirala, hego haizea
Ostiralean ere hego-osagaiko haizea nabaria izango da eta egun osoan hego-mendebaldetik indartsu joko du; haize-bolada zakarrenak goizeko lehen orduetan espero dira. Euria urriagoa izango da eta zaparradak tarteka eta noizbehinka baino ez ditu egingo. Bereziki barnealdean bustiko du eta egunaren bukaeran probabilitatea handiagoa izango da. Elur-maila baliteke 1300 m inguruan egotea. Tenperaturan ez da gorabehera handirik espero.
Zapatua, aldakorra
Larunbatean giro aldakorra izango dugu eta zaparradak egin ditzake, bereziki egunaren bukaeran. Goizeko lehen orduetan baliteke euri apur bat egitea, batez ere Nafarroan; egunaren bukaeran berriro ere zaparradak botako ditu, mardulagoak eta orokorragoak. Bitartean, hodeiak eta ostarteak egongo dira eta bustitzeko probabilitatea txikia izango da. Egunaren hasieran hego-mendebaldeko haizea indartsu ibiliko da eta arratsaldean hegoaldekoa edo hego-ekialdekoa nagusituko da eta indarra galduko du. Tenperatura maximoek berdintsu jarraituko dute eta minimoak zertxobait jaits daitezke.



