Esku-hartzeak udalerriko hainbat kaletan egingo dira, non 20 zuhaitz landatuko diren 5.800 euroko aurrekontuarekin

DURANGO | Otsailean, Durangoko Udalak zuhaitzak landatzeko kanpaina berri bat egingo du herriko hainbat tokitan, azken urteetan galdutako aleak ordezkatzeko eta Udalak hiri ingurunearekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoarekin jarraitzeko.
Alde batetik, 20 zuhaitz berri landatuko dira Durangoko kaleetan, iaz antzemandako faltak konpontzeko lanen baitan. Esku-hartze horrek 5.800 euroko aurrekontua izango du, eta honako kokapen hauetan gauzatuko da: zuhaitz bat landatuko da Alluitz kalean (2-8 zenbakiak), Sasikoa kalean, 26an, eta beste bat 17an. Askatasun etorbidean, 2A zenbakiaren parean, 2 zuhaitz landatuko dira, eta, gainera, ale bat Landakotik lekualdatuko da. Ollerias kalean beste zuhaitz bat jarriko da; 3, berriz, Faustebekoa etxetaldean (4-6 zenbakiak); eta bat San Rokebiden (6-8 zenbakiak). Landako etorbidean, autobus-geltokiaren ondoan, 2 zuhaitz landatuko dira; Ibaizabala parkean, 3 zuhaitz; Juna de Itziarren, 2 gehiago; Urko kalean, 2 zuhaitz; eta, azkenik, bat Lehendakari Agirre kalean.
Bestalde, Landako eskolaren barruan 3 zuhaitz berri landatuko dira, 1.160 euroko aurrekontuarekin, azken urteetako faltak konpontzeko eta ikastetxearen ingurune naturala hobetzeko helburuarekin.
Era berean, beste 4 zuhaitz landatuko dira bi gune gehiagotan, Intxaurrondo kaleko haur-parkean eta Gasteiz bidea kalean. Horrela, aurreikusitako hiru jarduketa-eremuak osatuko dira.
Guztira, 27 zuhaitz izango dira, udalerriko kaleetan, Landako eskolaren barrutian eta haurren aisialdirako bi gunetan banatuta. Jarduera horrekin, Durangoko Udalak hiri-paisaia hobetzen jarraitzen du, herritar guztientzako espazio berdeagoak eta osasungarriagoak sustatuz.



