DOT Durangaldea

Atxondoko Udalak ludoteka eta udaleku zerbitzuak lehiaketara atera ditu

Zerbitzua Haur eta Lehen Hezkuntzako umeei zuzenduta dago, eta jarraipena ahalik eta arinen bermatzea da udalaren helburua

Guztira 23.000 euroko aurrekontua izango du

ATXONDO |  Udalak ludoteka eta udaleku zerbitzuak kontratatzeko lehiaketa publikoa martxan jarri du, guztira 23.000 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne). Esleipena urtebetekoa izango da, eta beste urtebetez luzatzeko aukera aurreikusten da. Lehiaketako informazio guztia udaleko webguneko, ‘Kontratatzailearen profila’ atalean dago eskuragarri eta baita udaletxean bertan ere. Proposamenak aurkezteko epea urtarrilaren 26ra artekoa da.

Zerbitzua Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrei zuzenduta dago. Ludoteka urtean 10 hilabetez eskainiko da, astelehenetik ostiralera, 16:30etik 18:30era, eta udan udalekuak egingo dira.

Lehiaketa honen bidez, Udalak aisialdi hezitzailea eta kalitatezkoa bermatzen jarraitu nahi du, herriko haurrentzat espazio parte-hartzailea eskainiz. Zerbitzua ahalik eta azkarren berriro herritarren eskura jartzea da helburua.

Testuinguru honetan, Atxondoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie orain arte ludoteka zerbitzua kudeatu duten arduradunei, hainbat urtez egindako lanagatik. Aktiboki parte hartu dute herriko bizitzan eta ekimen ugaritan: besteak beste, On Martin egunean, Gazteñerren, Arimen Gauan, Iñauterietan, eta herrian egindako bestelako jardueretan. Haurrentzako askotariko proposamenak eskainiz, herriko egunerokoaren parte izan dira urte hauetan guztietan.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top