Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ikerketa zabalik dute gertatutakoaren erantzuleak identifikatzeko

ELORRIO | Joan den ostiralean, abenduaren 5ean, arratsaldeko 19:00ak aldera, Elorrioko Haurreskolako kanpoaldean sute bat piztu zen. Dirudienez, sua nahita eragindakoa izan zen eta ondorioz, fatxada osoa kiskalita geratu zen. Suhiltzaileen lehen balorazioaren arabera, bi minutuko atzerapenarekin iritsi balira, suak barrualdeari ere eragingo zion, instalazio osoan zehar hedatuz, eta gaur ez genuke haurreskolarik izango. Suak Musika-eskola eraikina ere arriskuan jarri zuen.
Udalak gertakariak irmoki gaitzetsi ditu eta azpimarratu du halako ekintzak arrisku larrian jartzen dituztela bai instalazio publikoak, bai herritarren segurtasuna. “Gure herriko haur txikienen hezkuntza-gune bati eginiko erasoa da hau, eta ezin da inolaz ere onartu”, adierazi du Julene Lazkanok, Elorrioko alkateak. Gertatutakoaren aurrean, gogoeta egiteko eskatu die komunitate osoari, familia guztiei eta, batez ere, gertatutakoaren arduradunei.
Suhiltzaileen esku-hartze azkarrari esker, sutea garaiz itzali zen eta ez zuen eraikinaren gainerakoa kaltetu. Une honetan, Udala kalteen berreraikitzea izapidetzen ari da.
Bestalde, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ikerketa zabalik dute gertatutakoaren erantzuleak identifikatzeko. Udalak herritarrei gogorarazi die segurtasunarekin loturiko edozein gertakari susmagarri berehala jakinarazteko deitu dezatela 112ra edo Udaltzaingora.


