Ehunka pertsona batu dira mobilizazioan, hemen amaieran irakurritakoa

DURANGO | Historian zehar euskaltzaleok bizi izan ditugu pizkunde garaiak; bizi izan ditugu geldotze aroak ere; aldeko haize gehiagoko eta gutxiagoko aldiak egon izan dira. Hala, zenbaitetan horiek aprobetxatuz eta beste hainbatetan horiei aurre eginez, gaur arte iritsi gara. Gaur arte iritsi gara euskaltzaleen ekinari eta lanari esker; batzuek sinestu, amestu eta, batez ere, borrokatu izan dutelako Euskal Herri euskaldunaren alde. Horiengatik guztiengatik ez balitz, gaur ez ginateke hemen egongo. Horregatik, aitortza hori eginez hasi nahi genuke; mila esker euskararen alde aritu zareten eta gaur zabiltzaten euskaltzale guztioei. Biba zuek!
Aurreko balaunaldikoek euskara hil ala biziko egoeratik atera zenuten, arnasaldi luze bat emanez euskarari eta euskaldunoi. Baina, azken datuek, ikerketek eta hausnarketek diote euskara larrialdi egoeran dagoela eta etorkizuneko proiekzioak ere ez ditugu lagun.
Horren aurrean, askotan, instituzioek norbanakoak seinalatu izan dituzte; euskaraz bizitzea nahikeria hutsa balitz bezala, euskaraz edo erdara hemegonikoetan bizitzeko hautua egitea maila berean jarriz. Hori, ordea, iruzurra da. Euskarak egiturazko zapalkuntza jasaten du eta horren erantzule nagusiak frantziar eta espainiar estatuak dira. Bi estatu linguizida eta genozida, gure herria eta hizkuntza hiltzen dituztenak; makinaria osoa daukate gure aurka martxan. Tamalez, gurea ez da munduko nazio zapaldu bakarra eta, gaur, azken urteotan jasaten ari den izugarrikeria dela eta, hemendik, gure elkartasun guztia adierazi nahi diogu Palestinari. Israelgo Estatu genozida egiten ari dena erabat gaitzetsi eta palestinar herriaren askatasuna aldarrikatzen dugu.
Hala, euskararen zapalkuntza estrukturala izanik, agintari politikoek ardura berezia duzue, eta hizkuntza-politika ausartak egitea eta benetako eztabaidak zabaltzea dagokizue. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, aurrerapauso handiak egin dira, baina horiek ez dira nahikoa izan. Egungo oldarraldi politiko-judizialarekin ikusi dugunez, lortutako eskubide asko atzera bota dizkigute eta horrek agerian utzi du egungo legediek zirrikitu ugari dituztela eta ez direla euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko nahikoa. Euskararen koofizialtasunaren gabeziak argiak izan arren, Nafarroa Garaian, Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Xiberoan ezinbestekoa da euskararen ofizialtasuna aldarrikatzea; gutxieneko eskubide batzuk legez bermatu ahal izateko. Euskal Herritarron hizkuntza-eskubideak jaioterriaren arabera aitortzen dizkigute eta horrekin amaitu beharra dago. Horregatik, eskaera zehatza egiten dizuegu, batez ere, Euskal Herriko alderdi abertzaleei: orain egiten duzuena baino askoz gehiago egin zenezakete, jarri euskara erdigunean, egin politika euskaltzaleak!
Mundu mailako dinamika ere ez dugu aldeko. Euskal Herria ez da irla bakandu bat eta ondorioz, kapitalismoak eta globalizazioak eraginda, gero eta bortitzagoa den homogeneizazio prozesuak erasotzen gaitu. Horrek munduko kultura eta hizkuntza aniztasuna harrigarriki murriztu du, hizkuntza gutxiagotu ugari desagertzeraino. Horrez gain, krisi anizkoitzen aroa bizi dugu eta testuinguru horretan, eskuin muturra eta faxismoa indartu egin dira. Hizkuntzaren nahiz bestelako eskubide sozialen borrokan dihardugunontzat hori oso kezkagarria da, atzera eraginarazi nahi baitigute. Era berean, gurean ere diskurtso arrazistak nahiz xenofoboak ugaritzen hasi direla sumatu dugu. Horiei irmotasunez erantzuten jarraituko dugu, argi utziz euskara elkarbizitza osasuntsurako tresna dela, eta ez bazterketarako edo bereizketarako.
Iluntasun eta zailtasun horien aurrean, ordea, bada argitasuna eta aurrera egiteko indarra. Gaur, hemen bildu garen guztiok gara horren adibide; asko gara eta egoera aldatzeko indarra badugu. Datuek diote, euskararekiko atxikimenduan, euskaltzaletasunean, indartsu gaudela; dagoen hizkuntz-gaitasunerako euskara asko erabiltzen da. Euskaldun askok eta askok euskara erabiltzeko hautu kontzientea egiten dugu egunero; hautu politikoa. Euskaraz bizitzea hautu politikoa da Euskal Herrian.
Desobedientzia ekintzen bidea ere indartzen ari gara, zapaltzen gaituzten legedi bidegabeei ez baitiegu obedientziarik zor. Hala, otsailaren 5ean, Euskal Herrian Euskarazeko lau ekintzaile epaituko dituzte “Euskaraz bizi nahi dugu!” idazteagatik Pirinio Atlantikoetako departamenduak Baionan duen eraikinean. Aurreko larunbatean, urtarrilaren 31n, mobilizazio bat egingo dugu Baionan bertan, ekintzaileei elkartasuna adierazi eta euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko. Kolektiboki antolatuz, desobedientzia eta intsumiso jarrerak elikatuz jarriatuko dugu.
Euskal Herriko herri mugimendu anitza eta bizkorra ere indargune garrantzitsua dugu. Eta guk, euskararen aldeko borroka beste borroka askatzaileekin batera ulertzen dugu. Horregatik, bestelako Euskal Herri baten aldeko borrokan dihardugunon arteko aliantzak indartzea dagokigu, desio dugun Euskal Herri askea eta zapalkuntzarik gabea eraikitzeko. Bide horretan, euskara zentrala izango da; askapenerako, batasunerako eta justiziarako nahitaezkoa, egungo sistemaren zapalkuntzak borrokatu eta gainditzeko ezinbesteko baliabidea.
Jada, han eta hemen, euskara ardatz hartuta, euskaldunak antolatzen eta kaleak hartzen ari gara: Euskararen Nazioarteko Egunean, erdalduntze makina gelditzearen alde ehundaka euskaltzale mobilizatu ziren Bilbon; Nafarroako hegoaldean eta erdialdean, Agerraldia egitasmoak hauspo ederra eman dio euskarari azken urteotan; Etxepare Lizeoko ikasleek indarberrituta ekin diote ikasturteari, urte luzetako aldarria, azterketak euskaraz egiteko eskubidearen aldarria, ardatz hartuta; eta abenduaren 27an, beste hitzordu garrantzitsu bat izango dugu euskaltzaleok Bilbon, Miribillan. Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, pizkunde berria irudikatzeko ekitaldia egingo da. Bertan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu, ahal bezain euskaltzale gehien biltzekoa. Orain da euskaltzaleon garaia! Orain da pizkunde berria hauspotzeko unea!
Euskararen Errepublika ipar hartuta, pizkunde hori indartzeko konpromisoa hartua dugu eta zuei guztioi ere horretarako deia egiten dizuegu. Euskararen Errepublikaren beharra, independentziaren beharra, aldarrikatzea eta bide hori eraikitzea da gure xedea; independentziarik ezean, ez baitugu Euskal Herri euskaldunik lortuko. Hizkuntza zein nazio zapalkuntzaren aurrean, tresna politiko propioak sortuz lortuko dugu Euskal Herri euskalduna. Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika!
Gora Euskal Herri euskalduna! Gora Euskararen Errepublika


