Ongizate emozionalari buruzko tailerra azaroaren 22an eta 29an errepikatuko da

MALLABIA | Mallabiko Udalak bat egingo du Emakumeen aurkako Indarkeria dezagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin, eta horren harira, hainbat jarduera antolatu ditu azaroaren 25aren inguruan, herritarren artean hausnarketa eta sentsibilizazioa sustatzeko helburuarekin. Ekimenak formatu ezberdinak izango ditu: tailerrak, film laburren proiekzioa, ikuskizunak eta kontzentrazio instituzionala, guztiak ere indarkeria matxistaren aurkako mezua zabaltzeko asmoz.
Ekintza nagusiak
Lehen jarduera azaroaren 8an izan zen, ongizate emozionalari buruzko tailerrarekin. Saioaren helburua emozioak kudeatzeko eta harreman osasuntsuak lantzeko tresnak eskaintzea izan da, ongizate pertsonala eta soziala indartuz. Tailer hau azaroaren 15ean, 22an eta 29an ere eskainiko da, herritar orori parte hartzeko aukera emateko eta lanketa modu jarraituan garatzeko.
Bestalde, azaroaren 14an, emakumeentzako autodefentsa feministaren hastapen tailerra egingo da Kontzejuzarrean, 16:00etatik 20:00etara. Saioa Esther Lopezek, SAFO eskolako kideak, gidatuko du, eta gaztelaniaz eskeiniko da.
Egun nagusia, azaroaren 25a izango da. Asteartean, 12:00etan, kontzentrazioa egingo da frontoiko aldapan, eta bertan eskolako umeek prestatutako leloak irakurriko dira. Amaieran, “Indarkeriaren kontrako abestia” abestuko dute, eta jarraian adierazpen instituzionalaren irakurketa egingo da. Ondoren, 19:00etan, “Hemen bai, borroka egiten da” film laburraren proiekzioa eta solasaldia egingo da Kontzejuzarrean.
Egitarauari amaiera emateko, azaroaren 30ean, igandean, 12:30ean, “Hace calor y somos nosotres” ikuskizuna eskainiko da Kontzejuzarrean. Saioa 16 urtetik gorakoentzat izango da eta gaztelaniaz izango da.
Mallabiko Udalak bat egiten du emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako borrokarekin eta berdintasunaren aldeko konpromisoa guztiz berresten du. Udalak lanean jarraituko du errespetuan, berdintasunean eta askatasunean oinarritutako gizarte justuago bat eraikitzen, prebentzioan eta sentsibilizazioan sakonduz.


