DOT Durangaldea

Tabira, Aramotz eta Astepe, argiak berritu zituzten Durangoko lehen auzoak

Bigarren fasean San Fauston, Landakon eta Muruetatorren 2026ko urtarrila-apirila bitartean eta maiatzetik aurrera Alde Zaharrean eta Erretentxun

Argiteria berritzeaz gain, dauden azpiegiturak ere hobetuko dira

DURANGO | Durangoko Udalak kale-argiteria publikoa hobetzeko eta berritzeko lanak hasiko ditu datozen asteetan, energia-eraginkortasuna handitzeko eta udal-zerbitzuaren kalitatea hobetzeko asmoz.

Jarduera hau Emartin Facilities SA enpresari 2025eko uztailean esleitutako energia-zerbitzuen eta mantentze-lanen kontratuaren baitan dago. 5.697.120,34 euroko balioa du kontratuak (gehituta %21eko BEZa), eta udalerriko kale-argiteria publikoaren mantentze integrala eta berme osoa jasotzen ditu, 10 urterako.

Proiektuaren helburua da ohiko teknologiako 3.062 luminaria LED argi berriekin ordezkatzea da, hiriko energia-kontsumoa murriztu eta argiztapenaren kalitatea nabarmen hobetzeko. LED luminariak, ahal den neurrian, egungo euskarriak aprobetxatuz jarriko dira, eta ereduak homogeneizatuko dira, mantentze-lanak eta etorkizuneko esku-hartzeak errazteko.

Argiteria berritzeaz gain, dauden azpiegiturak ere hobetuko dira: 2.000 metalezko zutabe oxidoaren aurkako pinturarekin babestuko dira, eta hondatuta dauden 350 zutabeen ordez poliesterrez egindako makulu berriak jarriko dira.

Lanak 2025eko azarotik 2026ko uztailera bitartean egingo dira, hiru fasetan banatuta:

  • Lehen fasea (2025eko azaroa-abendua): Hiri inguruko auzoetan jardungo da (Aliendalde, Tabira, Aramotz, Astepe).
  • Bigarren fasea (2026ko urtarrila-apirila): Egoitza-auzoetan egingo dira lanak (San Fausto, Landako, Muruetatorre).
  • Hirugarren fasea (2026ko maiatza-uztaila): Hirigune historikoko eta finkatutako eremuetako argiteria berrituko da (Alde Zaharra, Erretentxu).

Hilero, fase bakoitzean hainbat gunetan esku hartuko da, periferiako eremuetatik udalerriaren erdialderantz aurrera eginez. Horrela, eragozpenak ahalik eta gehien murriztu eta baliabideak modu eraginkorrean aprobetxatu nahi dira.

Mireia Elkoroiribe alkateak adierazi duenez, “proiektu hau funtsezkoa da Durango hobetzeko. Azpiegiturak berrituko dira, eraginkorragoak, jasangarriagoak eta durangarrok benetan behar dugunera egokituak izateko: argiztapen hobea”. Era berean, “jarduera hau oso esperotakoa da, argiteria herritarren kezka nagusietako bat baita. Orain erantzun zuzena ematen diogu, eta, gainera, proiektu honek segurtasuna nabarmen hobetuko du.”

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top