DOT Durangaldea

Amaitu dira Mallabian BI-2301 errepideko trafikoa berrantolatzeko lanak

Sestra-kota jaitsi eta bidegurutze berri bat sortu da, non sarbide guztiak pilatzen baitira

Lanetarako, 3,9 milioi euroko inbertsioa egin da

MALLABIA | Bizkaiko Foru Aldundiak amaitutzat eman ditu BI-2301 errepidean, Mallabiko Goitondo auzoaren parean, trafikoa berrantolatzeko lanak. Eremu horretan, beharrezkoa zen bide-segurtasuna hobetzeko esku hartzea; izan ere, tarte horretan maniobrak bereziki konplexuak ziren, ikuspen eskasagatik eta abiadura aldatzeko errei egokirik ez zegoelako. Gainera, eremu horretan, Goitondo industrialderako sarbidearen bidegurutzea zegoen, bai eta Berano eta Arandoño auzoetara eta ostalaritza-establezimendu batzuetara iristeko sarbideak ere.

Hala bada, Aldundiak duela 14 hilabete ekin zien berrantolaketa-lanei. Lan horien bidez, eremua berriz diseinatu da, gidarientzako ikuspena eta bidearen trazadura hobetzeko. Esan dugun bezala, lan horiek dagoeneko amaituta daude. Sestra-kota jaitsi da eta bidegurutze berri bat sortu da, eta hor sarbide guztiak pilatu eta kudeatzen dira.

Trafikoa berrantolatzeko lan horiek egiteko, errekaren gainean zubi bat eraiki behar izan da, eta, horrela, gidariek segurtasun handiagoaz eta azkarrago egin ditzakete maniobrak. Gainera, Goitondo poligonora sartzeko bidegurutzea berritu da.

Orain, bi bidegurutzeek dituzte ezkerretara biratzeko itxarote-erreiak, bai eta sarrera- eta irteera-erreiak ere, ibilgailuen mugimendu guztiak erraztu eta babesteko.

Oinezkoen mugikortasunari dagokionez, garraio publikoaren geralekuak hobetu dira; horretarako, geralekuak beste leku batzuetan kokatu dira eta autobusak segurtasunez gelditzeko badia egokiak ipini dira. Espaloi berriak ere eraiki dituzte, eta oinezkoentzako pasabide adimendun bat jarri da, alde bien artean bidegurutze seguruagoa bermatzeko.

Proiektuan, ingurunea naturalizatzeko ingurumen-jarduketak egin dira, esaterako, Izartza erreka lehengoratzea eta landareztatzea, eta Goitondo industrialdearen ondoan faunarentzako pasabide bat eraikitzea, konektagarritasun ekologikoa hobetzeko eta harrapatzeak prebenitzeko. Bestalde, landaketak egin dira eta, obra amaitzeko, hobekuntzak egin dira seinaleztapen horizontalean eta bertikalean, balizamenduan, euste-sistemetan, drainatzean, argiztapenean eta bide-zorua berritzean.

Amaitu berri diren lanetarako, 3,9 milioi euroko inbertsioa egin da.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top