1.500 metro karratuko azalera gehigarria irabaziko du, berdegune bat barne

ZALDIBAR | Eskola komunitateko kideek sarritan adierazi dute eremua txiki gelditu dela eta ez dituela hezkidetzarako ezaugarri guztiak betetzen. Jolastokiak 1.500 metro karratuko azalera gehigarria irabaziko du, berdegune bat barne. Udalak 307.489,52 euro bideratuko ditu eremua handitzera.
Urte askotako itxaronaldiaren ondoren, iritsi da momentua: datorren astean, eskolako patioa handitzeko eta eraberritzeko obrak hasiko dira, eskola komunitatearekin elkarlanean. Udalak 307.489,52 euroko diru-atala erabiliko du lanok egiteko, eta horri eskerrak, eskolako patioak 1.500 metro karratuko azalera gehigarria irabaziko du, berdegune bat barne.
Eskola komunitateko kideek askotan adierazi dute jolastokia txiki gelditu dela, eta ez dituela hezkidetzak eskatzen dituen ezaugarri guztiak betetzen. Horrenbestez, jolastokia handitzeak hainbat onura ekarriko dizkio eskola komunitateari. Izan ere, berdegune bat sortuko da, ikasleen gozamenerako eta elkarkidetzarako aproposa izango dena. Eremu berri horrek, eszenatoki bat, ortua, baso txiki bat, begiralekua, mahaiak eta lauki itxurako egitura bat izango ditu, aterpe lanetarako.
“Iritsi da hainbeste urtean itxarondako momentua: datorren astean zehar gure herriko eskolako jolastokia handitzen hasiko gara. Lanek hainbat hilabete iraungo dute, eta pazientzia apur bat beharko dugu azken emaitzaz gozatzeko. Edozelan ere, umeentzako eta gazteentzako eremu atsegina izango dela aurreratu dezakegu”, azaldu du Eneritz Azpitarte alkateak.


