Tenperaturak freskoak izango dira, eta maximoak 15 gradukoak izango dira Durangaldean

EGURALDIA | Udazkeneko asteburua Durangaldean. Goizeko lehen orduetan ostarteek gero eta hodei eta euri gehiago ekarriko dute igandera arte. Gainera, tenperaturak nabarmen jaitsiko dira, eta maximoak 15 gradu ingurukoak izango dira bihar.
Barikua, hodeitsu
Ostiral goizean goiz, hodeiak eta ostarteak. Goiza aurrera joan ahala hodeiak ugarituz joango dira eta gainerako orduetan giroa goibela izango da. Goizean eta arratsaldean han-hemenka euria egin dezake, gauean euria barra-barra egingo du ia denean eta baliteke zenbait lekutan ekaitzak jotzea. Hegoaldeko edo hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin; arratsaldearen amaieran eta gauean haizea mendebaldera edo ipar-mendebaldera aldatuz joango da. Tenperatura maximoetan aldaketa handirik ez, zenbait lekutan gutxi jaitsiko dira.
Zapatua, goibela
Larunbatean iparraldean giroa goibela eta euritsua izango da, batez ere Kantauri isurialdearen ekialdean; arratsaldetik aurrera atertuz joango da, bereziki mendebaldean. Hegoaldean ere egingo du euria egunaren hasieran, baina goiza pasa ahala atertuz joango da eta ostarteak zabalduko dira; arratsaldean Ebro ibarrean giro eguzkitsua izango dugu. Mendebaldeko edo ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da. Tenperatura bizpahiru gradu baxuagoa izango da.


