Epea izango dute azaroaren 20ra arte alegazioak, iradokizunak edo oharrak aurkezteko

DURANGO | Durangoko Udalak aldez aurreko kontsulta publikoaren izapidea hasi du Durango Kirolak-ek eskainitako zerbitzuen prezio publikoak aldatzeko, udal kirol-eskaintzarako sarbide bidezkoagoa, jasangarriagoa eta berdinzaleagoa bermatzeko.
Proposamenak, alde batetik, zerbitzu guztiei aplikatu beharreko tarifen eguneratze orokorra jasotzen du —igerilekua, fitnessa, jarduera gidatuak, instalazioen alokairua edo kirol ikastaroak— eta, bestetik, hobari espezifikoak aurreikusten ditu kolektibo kalteberentzat edo behar bereziak dituzten pertsonentzat, Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) eta gizarteratze eta kohesio sozialerako udal politikekin bat etorriz.
Hobaririk gabeko tarifa berrien artean, honako hauek nabarmentzen dira:
- Banakako igerilekuaren urteko abonua: 128,00 €
- Urteko fitness abonua: 310,00 €
- Padeleko pista alokatzea: 12,00 €/ordu (goizez: 9,60 €)
- Jarduera gidatuak: 3,20 €/ordu-tik aurrera
- Haurrentzako igeriketa ikastaroak: 4,00 €-tik aurrera saio bakoitzeko
Hobari sozialak
Prezio-murrizketak aplikatuko dira egoera ekonomikoaren, adinaren, ikasle-izaeraren, desgaitasun-mailaren edo kolektibo espezifikoetako kide izatearen arabera. Hobarien artean, honako hauek nabarmentzen dira:
- %90erainoko deskontua, %33ko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonentzat eta haien zaintzaileentzat (errenta-mailaren arabera).
- %50eko deskontua, genero-indarkeriaren eta sexu-indarkeriaren biktimentzat eta haien 25 urtetik beherako seme-alabentzat.
- %30eko deskontua, 15 eta 24 urte bitarteko emakumeentzat.
- %20ko deskontua, adin bereko ikasleentzat.
- Deskontuak fidelizazioagatik eta erabilera gutxiko ordutegietan instalazioak erabiltzeagatik.
Ekimen honek Arartekoaren ebazpenak eta Auzitegi Gorenaren 1064/2023 epaia hartzen ditu aintzat, erroldatutako eta erroldatu gabeko pertsonen artean dauden prezio-desberdintasunak ezabatzeko, eta irizpide objektibo eta ez-diskriminatzaileak sustatzeko eskaria egiten dutelako.
Halaber, prezioen eguneratzea zerbitzuaren jasangarritasun ekonomikoaren beharrak justifikatzen du, azken urteotan ez baita tarifa-aldaketa esanguratsurik egin, kostuen igoera orokorra eta instalazioen eta zerbitzuen hobekuntza kontuan hartuta.
Kontsulta epea
Proposamena jendaurreko kontsulta fasean izango da, www.partehartu.durango.eus webgunean. Herritarrek 15 egun naturaleko epea izango dute azaroaren 20ra arte alegazioak, iradokizunak edo oharrak aurkezteko, indarrean dagoen araudia betez.
Durangoko Udalak eta Durango Kirolak-ek berretsi egiten dute kirol-eredu inklusibo, irisgarri eta berdinzale batekin duten konpromisoa, herritar guztien parte-hartzea sustatuko duena, bereziki bazterketa-arrisku handiena duten kolektiboena.


