DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Arkalaz Mugitu ekimena abiarazi du Zornotzak, jarduera fisikoari buruzko doako orientazio-zerbitzua

Zerbitzu berriak bizi-ohitura aktiboagoak eta osasungarriagoak sustatu nahi ditu zornotzarren artean

Jarduera fisikoari buruzko doako orientazio-zerbitzua

AMOREBIETA-ETXANO | Amorebieta-Etxanoko Udalak Arkalaz Mugitu ekimena jarri du martxan, herritar guztiei zuzenduriko jarduera fisikoari buruzko doako orientazio-zerbitzua. Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzaren Mugiment programaren babesarekin, modalitate honetan udalerrian egiten den lehen ekimena da eta helburu nagusitzat du herritarren artean bizi-ohitura osasungarriagoak sustatzea eta sedentarismoaren ondorioei aurre egitea.

“Arkalaz Mugitu ekimenaren bidez, gure herritarren osasuna eta ongizatea hobetzeko urrats garrantzitsua eman nahi dugu. Proiektu aitzindaria da gure udalerrian, eta, zalantzarik gabe, bizitza aktiboagoa eta osasungarriagoa ekarriko du guztiontzat”, adierazi du Ainhoa Salterain alkateak.

Programaren aurkezpena gaur goizean egin du Udalak eta agerraldi publikoan izan dira, hain zuzen, udalerriko alkatea, Ainhoa Salterain, Gizarte Ekintzako zinegortzia, Sonia Cabeza, Mugiment programako ordezkaria, Danda Barayazarra, Komunitateko erizaina, Cesar Pinargote eta Arkalaz Mugitu eskainiko duen orientatzailea, Amaia Zabala.

Osasun fisikoa hobetzeko eta gaixotasunak prebenitzeko zerbitzu pertsonalizatua
Arkalaz Mugituk pertsona bakoitzaren beharretara eta helburuetara egokitutako jarduera fisikoaren plangintza pertsonalizatua egiteko aukera eskaintzen du. Jarduera fisikoko orientatzaile profesional batek artatuko ditu erabiltzaileak, eta haien egungo egoera fisikora eta lortu nahi dituzten osasun-helburuetara egokitutako ariketa-plan bat diseinatuko du, hala nola gaixotasunak prebenitzea (hipertentsioa, diabetesa, obesitatea, etab.) eta ongizate orokorra hobetzea.

Zerbitzuak, halaber, etengabeko jarraipena ere egiten du, plana pertsonaren aurrerapenen arabera garatzen dela ziurtatzeko, eta, horrela, epe luzerako onurei eusten zaiela ziurtatzeko.

Nork eskura dezake zerbitzua eta nola eskatu?
Zerbitzua Amorebieta-Etxanoko herritar guztiei zuzenduta dago, adin mugarik gabe, eta guztiz doakoa da. Interesa duen orok jaso dezake zerbitzua, horretarako aurrez orientatzailearekin hitzordua eskatuta 670 363 972 telefono-zenbakiaren bidez edo amaia.zabala@mugikon.com helbidera idatziz. Horrez gain, deribazio profesionalaren bidez ere eskainiko da zerbitzua. Izan ere, Osakidetzak aktiboki parte hartzen du proiektu honetan, eta, beraz, anbulatorioko profesionalek ere bideratu ahal izango dituzte jarduera fisikoko plan pertsonalizatu baten onuradun izan daitezkeen pertsonak, beren osasuna hobetzeko edo gaixotasunak prebenitzeko.

Ordutegiak eta arreta-lekuak:

  • Asteartea: 09:00etatik 13:00etara.
  • Ostegunetan: 16:00etatik 20:00etara.

Zerbitzua Zelaieta Zentroan eta anbulatorioan eskainiko da eta interesdunek hitzordua eskatu beharko dute zerbitzua erabili ahal izateko.

Osasun integralarekiko konpromisoa
Arkalaz Mugitu ez da jarduera fisikoan soilik zentratzen; Udalak bultzatutako Osasun Plan Integral baten baitan kokatzen da. Etorkizunean, Arkalaz Mugituk bere ikuspegia zabalduko du ongizatearen funtsezko beste alderdi batzuk gehituz, hala nola nutrizioa, bizitza osasuntsuago baterako laguntza integrala eskainiz.

“Zerbitzu hau gure Osasun Plan Integralaren parte da, zornotzarren ongizateari osotasunean heltzea bilatzen duena. Kontua ez da soilik jarduera fisikoa hobetzea, baizik eta gaixotasunak prebenitzeko eta bizimodu osasungarria izateko laguntza integrala eskaintzea. Arkalaz Mugiturekin, herritarrei beren osasuna eta ongizatea etengabe zaintzeko tresna irisgarri, pertsonalizatu eta doakoa eskaintzen diegu”, amaitu du Sonia Cabeza Gizarte Ekintzako zinegotziak.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top