Atzerapenak pilatuta daude eta Mankomunitateko buruak, Abadiñoko alkateak, ez du aurrerapausorik eman, jeltzaleen esanetan

ABADIÑO | Abadiñoko EAJ-PNV udal taldeak arintasuna eta zorroztasuna eskatu du Eguneko Arreta Zerbitzuaren tramitazioan, mendekotasun egoeran edo jasateko arriskuan dauden adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko funtsezko baliabidea baita.
EAJk salatu duenez, atzerapenak pilatuta daude, eta Mankomunitateko buruak, Abadiñoko alkateak, ez du aurrerapausorik eman, zerbitzuaren esleipen publikoa atzeratzen ari baita. “Alkateak berak legegintzaldiko agendan konpromisoa hartu zuen 2024ko udazkenean Eguneko Arreta Zerbitzua martxan jartzeko, baina gaur egun oraindik ez dira osoko bilkuran onartu ez erabilera ordenantza ez prezio publikoak, eta horrek urruntzen du hain beharrezkoa den baliabide hori martxan jartzea”, azaldu du Mikel Garaizabal EAJ-PNVko bozeramaileak.
Proiektua 2023. urtearen hasieran bultzatu zen Durangaldeko Mankomunitatearen lehendakaritzapean, Mireia Elkoroiribe (EAJ-PNV) buru zela, eta Zelaietako udal-lokaletan zerbitzua martxan jartzea aurreikusten zuen, San Trokazko adinekoen elkartearekin batera.
Eguneko Arreta Zerbitzua I. graduko mendekotasuna duten edo mendekotasun-arriskuan dauden 65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago, beren autonomiari eusteko, ohiko ingurunean irauten laguntzeko eta haien sozializazioa sustatzeko, isolamendu-egoerak saihestuz. Zerbitzuak egunean 3 eta 6 ordu arteko egonaldiak eskainiko ditu, astean zenbait egunetan, eta horien kudeaketa udal eremuari dagokio.
“Uste dugu baliabide hori funtsezkoa dela gure adinekoentzat eta haien familientzat. Oposiziotik une oro erakutsi dugu laguntzeko eta ahaleginak batzeko prest gaudela, baina beharrezkoa da inplikatutako erakundeek arintasun eta zorroztasun handiagoz lan egitea, Eguneko Arreta Zerbitzua lehenbailehen errealitate izan dadin “, adierazi dute jeltzaleek.
EAJ-PNVk lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du, erantzukizunetik eta lankidetzatik abiatuta, Abadiñok zerbitzu hori lehenbailehen izan dezan, udalerriko adinekoentzako ezinbesteko laguntza-baliabide bat bermatuz.