Dimakoa, IVEFen lizentziaduna, Lezaman aritu zen prestatzaile gisa sei urtez harrobian, eta CD Mirandesen eta SD Eibarren lehen taldeetan egin du lan

ATHLETIC CLUB | Luis Prietok akordioa lortu du Athletic Clubekin denboraldi batez gizonezkoen lehen taldeko prestatzaile fisikoa izateko. Lehoi ohiak, IVEFen lizentziaduna, sei denboraldiko esperientzia du Lezamako beheko mailetan (2014-2020), CD Basconiaraino iritsiz, eta hiru urtez lan egin du LaLiga Hypermotioneko bi klubetan, CD Mirandesen eta SD Eibarren, Joseba Etxeberria mito zuri-gorriaren eskutik.
Ernesto Valverdek oso ondo ezagutzen ditu Luis Prieto (46 urte) eta bere metodoak. Izan ere, Dimakoa erdiko atzelari gisa aritu zen bi urtez bere aginduetara, Txingurriren lehen etapan, Bilbon, Standard Liejaren aurkako 1-7ko gau ahaztezin hartan hasierako hamaikakoan jokatuz. 153 partida jokatu zituen lehoi gisa, sei denboralditan banatuta. Ez da egungo plantillan duen lotura bakarra. Izan ere, Sancet, Paredes, Prados eta Nico Serrano jokalarien prestatzaile fisikoa izan da.
Prieto CD Arratia, CD Basconia eta Barakaldo CF taldeetan aritu zen Bilbao Athleticera iritsi aurretik. SD Eibarren egindako bi urte bikainei esker, Jupp Heynckesekin debuta egin zuen lehen talde zuri-gorrian. Athleticen baitan ibilbidea bete ondoren, Valladolid CF taldean amaitu zuen, Jose Luis Mendilibarren esanetara. SD Ponferradina eta Deportivo Alaves izan ziren bere azken taldeak erretiroa hartu eta prestakuntza fisikoari ekin aurretik, baina urtebeteko tartea bete zuen SD Leioako bigarren entrenatzaile bezala.