Biharko eta asteazkenerako 20 gradu inguruko maximoak espero dira
EGURALDIA | Egun hotzak izan ondoren, udazkena azken txanpara iristen ari da eta aste honetan hego-haizeak giroa epelduko du, maximoak ia 20 graduraino iritsiz. Gainera, datozen egunetan ere ez da euririk espero. Itxura guztien arabera, fronteak eta giro hezea ostegunetik aurrera bueltatuko dira.
Astelehena, eguzkitsua
Astelehenean eguraldi eguzkitsua. Gainera, litekeena da barnealdeko zenbait puntutan izotza egitea lehen eta azken orduetan. Gainerakoan, zerua oskarbi egongo da eta giro eguzkitsua izango dugu, arratsaldetik aurrera goi-hodei batzuekin. Tenperatura maximoak apur bat igoko dira eta haizea hegoaldetik finkatuko da, arratsaldean indar pixka bat hartuz.
Asteartea, ostarteak
Asteartean hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira. Hegoaldeko haizea zakartuz joango da eta tarteka gogaikarria izango da. Tenperatura maximoak apur bat igoko dira berriro, eta minimoak aurreko egunekoen antzekoak izango dira; beraz, izotza egingo du barnealdeko zenbait puntutan. Zeruan erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak tartekatuko dira, baina, oro har, giro eguzkitsua izango dugu, eta behe-lainoa lehen orduetan.