Tabernek ostiralera arte dute zabalik izena emateko epea, 691 528 683 telefonora deituz edo janalai@amorebieta.eus helbidera mezu bat bidaliz.
AMOREBIETA-ETXANO | Aurten ere, “Zornotzan Jan Alai 2.0” pintxo lehiaketa itzuliko da, Zornotzako establezimenduetan kontsumoa sustatzea helburu duen lehiaketa gastronomikoa, zornotzarrak herriko establezimenduetan kontsumitzera animatuz eta, horrela, sektorearen hazkunde ekonomikoan lagunduz.
Zentzu horretan, herriko ostalaritza-lokaletan izena emateko epea zabalik dago. Interesatuek izena eman dezakete lehiaketan urriaren 18ra arte 691 528 683 telefonora deituz edo janalai@amorebieta.eus helbidera idatziz.
Berrikuntza
Aurtengo berrikuntza nagusi gisa, “Zornotzan Jan Alai 2.0” lehiaketak ez du 4 eguneko iraupena izango, azaroko asteburu guztietara zabalduko baita. Horrela, azaro osoan zehar, lehiaketako pintxoak dastatu ahal izango dira ostegunetik igandera, ezarritako ordutegian.
Gainera, pintxoak patata tortilletan edo gildetan oinarritu beharko dira, eta hortik aurrera, osagai horiek oinarri hartuta, lehiakideek nahi beste berritzeko askatasuna izango dute.
Sariak jokoan
Urtero bezala, bi sari banatuko dira. Bat epaimahai profesional batek aukeratuko du, eta bestea herri-boto bidez. Epaimahai profesionalak pintxoaren zaporea, gatz puntua, tenperatura, aurkezpena… bezalako alderdiak baloratuko ditu. Kasu honetan 1.000 euroko bi sari banatuko dira, bat tortilla pintxo onenaren establezimendu irabazlearentzat eta bestea gilda pintxo onenarentzat.
Bestalde, herritarrek pintxo gogokoenaren alde bozkatu ahal izango dute, galdetegi bat betez eta parte hartzen duten tabernetako postontzietan utziz. Horrela, bi sari banatuko dira, bakoitza 500 eurokoa, tortilla zein gilda pintxo bozkatuena duten establezimenduentzat. Era berean, lehiaketan parte hartzen duten pertsonek, botoa emanez, 500 euroko sariaren zozketan parte hartuko dute.
Lehiaketa azaroaren 29an amaituko da, eta sari banaketa azaroaren 30ean egingo da, 12:00etan, Zelaieta zentroan.