DOT Durangaldea

94 6550 033   info@dot.eus

ZUZENEAN

Zornotzako emakumeen kartzelari buruzko dokumentala hilaren 17an, ostirala, estreinatuko da

Hilerritik ateratzean identifikatutako lehen gorpuzkiak senitartekoei ematea izango da Memoria Historikoaren Astearen ardatza

Koldo Bilbao, Ainhoa Salterain alkatearekin
Koldo Bilbao Kultura, Kirol eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzia Ainhoa Salterain alkatearekin

AMOREBIETA-ETXANO | Datorren maiatzaren 13tik 19ra, Amorebieta-Etxanok Memoria Historikoaren Astea ospatuko du, Francoren diktaduraren bidegabekerien eta errepresioen biktima izan diren pertsona eta senide guztiak omentzeko eta oroitzeko asmoz.

Horrela, Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak, Koldo Bilbao Kultura, Kirol eta Herritarren Segurtasuneko zinegotziarekin batera, aste horretarako antolatutako programazioa aurkeztu du gaur prentsaurrekoan. Bertan azpimarratu duenez, “gure memoria historikoaren babesa ez da iragana gogoratzeko ekintza bat soilik, etorkizunera begira partekatzen dugun erantzukizuna ere bada, belaunaldi berriak hezteko eta sentsibilizatzeko modu bat, etorkizun justuago bat eraikitzeko gure iragana gogoratzeak duen garrantziaz”.

Emakumeen kartzela

Amorebieta-Etxanoko Memoria Historikoaren Asterako antolatu diren ekitaldien artean, “Ikusezinak” dokumentalaren estreinaldia nabarmentzen da, frankismo garaian herriko emakumeek kartzelan izandako bizipenak argitzen dituena.

Amorebieta-Etxanoko emakumeen kartzela, erregimen frankistan aktiboa, diktadura frankistak diseinatutako kartzela penalen sare baten parte izan zen, 40ko hamarkadan emakume errepublikarrak, ezkertiarrak eta abertzaleak zigortzeko. Estatuko hainbat tokitako emakumeak hartzeko sortutako kartzela izan zen, besteak beste, Tembleque (Toledo) udalerrikoa. Atxilotuek itxialdia ez ezik, giza eskubideen urraketak ere jasan zituzten, tortura, bortxazko lanak eta umiliazioak barne.

“Ikusezinak” dokumentalak espetxe hartan espetxeratuta egon ziren emakume guztien istorioak kontatzen ditu, orain arte isilduta egon direnak, presoen senideen eta testuinguru frankistan emakumeen errepresioa sakon aztertu duten historialari eta adituen zuzeneko testigantzen bidez. Istorio horien artean dago, adibidez, Angelina Gonzalezen istorioa. Haren aita faxistek hil zuten, eta ama, berriz, Amorebieta-Etxanoko espetxera bidali zuten. Handik jaso zituen amaren maitasunaren gutunak, kartzelan sortutako abestiarekin batera, denboraren poderioz iraun duena eta dokumentalak berriro ere ahotsa emango diona, inoiz ahaztua izan ez dadin.

Horrela, “Ikusezinak” ez da soilik memoria historikoa berreskuratzeko ekintza bat, baizik eta emakume haien erresistentzia eta indarra aitortzeko eta baloratzeko ahalegina ere bada, haien ahotsak isilaraziak izan baitziren. Dokumentala maiatzaren 17an estreinatuko da, Zornotza Aretoan, 20:00etan, eta, ondoren, musika-saio bat egingo da esparrutik kanpo. Estreinaldiaren egunaz gain, dokumentalaren beste bi emanaldi programatu dira: lehena astelehenean, maiatzaren 20an, eta bigarrena 23an, 20:00etan, biak Zornotza aretoan. Sarrera doakoa da, gonbidapen bidez, eta Zelaieta Zentroko harreran lor daiteke.

Gogoratu eta hausnartu

Dokumental horren estreinaldiaz gain, Amorebieta-Etxanoko Memoria Historikoaren Asteak herriko hilerritik ateratako lehen gorpuzkiak entregatzeko ekitaldia ere jasotzen du. Ekitaldia Zelaieta Zentroko auditorioan egingo da maiatzaren 13an, 18:00etan. Gogora Institutuak sustatutako ekitaldi horretan parte hartuko dute Nerea Melgosa sailburuak, Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak, Aitor Miñambres eta Anton Erkoreka historialariek, eta herriko hilobitik ateratzeko ardura duen antropologoak.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to Top