DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Zornotzak Euskaraldiari loturiko ipuin lehiaketa abiatu du

Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 4a izango da eta irabazle bakoitzak 400 euroko saria jasoko du

Interesatuek astelehen honetatik aurrera eman dezakete izena
Udalak euskarazko ipuin laburren lehiaketa abiatu du.

AMOREBIETA-ETXANO | Maiatzean ospatuko den Euskaraldiaren jardueren baitan, Amorebieta-Etxanoko Udalak euskarazko ipuin laburren lehiaketaren edizio berria jarri du martxan. Ekimen honen helburua da herritarren artean euskararen erabilera eta sormen literarioa sustatzea, eta horretarako, parte hartzeko bi kategoria egongo dira; 16 eta 22 urte bitarteko gazteentzat bata eta 23 urtetik gorako herritarrei zuzendurikoa bestea.

Ipuinak euskaraz idatzi beharko dira, euskara batuan edo bizkaieraz, eta originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute. Gainera, ezinbestekoa izango da aurtengo Euskaraldiaren leloari, Elkar mugituz egingo dugu, erreferentzia egitea. Ipuinek gehienez 3.000 karaktere izango dituzte, zuriuneak eta izenburua barne.

Parte hartu nahi dutenek euskara@amorebieta.eus helbidera bidali beharko dituzte ipuinak, eta zein kategoriatan lehiatzen diren adierazi. Ipuinarekin batera, izen-abizenak, telefono zenbakia, posta elektronikoa eta NANaren kopia bat erantsi beharko dira.

Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 4a izango da.

Sariak

Kategoria bakoitzeko irabazleak epaimahai bitartez aukeratuko dira eta hauek 400 euroko saria jasoko dute.

Bestalde, herritarrek ere izango dute ipuin irabazle gehigarri bat aukeratzeko aukera, maiatzaren 6tik 13ra egingo den bozketan. Bozketa herriko puntu ezberdinetan jarriko diren hautestontzien bidez egingo da. Bozketa bitartez hautatutako ipuinaren egileak Euskaraldiko produktuen sorta bat jasoko du. Era berean, bozketan parte hartzen duten herritarren artean ere Euskaraldiko produktuak zozketatuko dira. Sariak maiatzaren 15ean banatuko dira, Euskaraldiaren hasiera ekitaldian.

Ekimen honekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak “euskararen sustapenarekiko konpromisoa berretsi nahi du eta herritarrak lehiaketan parte hartzera” animatzen ditu.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top