Udalak 20.000 euro bideratuko ditu 2026ko parte hartze bidezko aurrekontuetara

ZALDIBAR | Udalak 20.000 euroko diru atala prestatu du 2026ko udal aurrekontuaren zati bat herritarren ekarpenekin osatzeko. Azaroaren 10etik 24ra, herritarrek proposamenak aurkezteko epea izango dute, udalerria hobetzea helburu. Ekarpenok aurrez aurre zein Internet bidez egin ahalko dira, bai udal bulegoetan, bai udal liburutegian, baita udalaren web orrian ere. Ondoren, urtarrilaren 22an, udalak herri batzarra egingo du, eta bertan aurkeztuko ditu jasotako proposamenak. Azkenik, proposamenak bozkatzeko epea zabalduko da. Boto presentziala urtarrilaren 22ko herri batzarrean eman ahalko da. Hortik aurrera, online bozketa egingo da, otsailaren 2ra arte.
Udalak gogoratu du proposamenak udalaren eskumenekoak izan beharko direla. Gisa honetakoak, adibidez: hirigintza, obrak eta zerbitzuak, berdintasuna, kultura, hezkuntza, euskara, gazteria, gizarte ekintza, ingurumena, osasuna eta herritarren segurtasuna. Eneritz Azpitarte alkateak ekarpenak egitera deitu ditu herritarrak. Era berean, parte hartze bidezko aurrekontuak “funtsezkotzat” jo ditu alkateak, “udalerria hobetzeko”.


