Kanpainaren helburua da herritarrei administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izateko aukera ematea

MALLABIA | Apirila heltzearekin batera, 2025ko errenta eta ondare aitorpena euskaraz egiteko kanpainari helduko dio Mallabiko Udalak, BFA eta UEMArekin elkarlanean.
Hain zuzen, Bizkaian, apirilaren 15ean hasi da errenta aitorpena egiteko epea, eta ekainaren 30era bitarte luzatuko da aukera. Kanpainaren helburua da herritarrei administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izateko aukera ematea, eta horretarako, errenta aitorpenak euskaraz egiteko prozesuak sustatuko dira. Izan ere, azken urteetan errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen kopurua handitzen ari den arren, oraindik ere datu orokorretatik urrun dago, eta joera hori bultzatzen jarraitzea da ekimenaren xedea.
Bideak eta datak
Gaur egun errenta aitorpena aurkezteko hiru bide daude eta guztietan erabil daiteke euskara:
- Auto-likidazio proposamena. Errenta aitorpena telefono bidez edo internet bidez euskaraz egiteko aukera eskaintzen du. Jasotako proposamena onartzerakoan, herritarrek euskaraz egin nahi dutela adierazi eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkie.
- Mekanizatua. Hitzordua hartzerakoan, Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi direla adierazi behar da. Ogasunarekin bulegoko aurrez aurreko harremanak, nahiz telefono edo Internet bidezkoak euskaraz egin daitezke. Horrez gain, Ogasunak sinatzeko duen orria ere euskaraz jaso daiteke.
- Internetez, Zergabidea atariaren bitartez.Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu behar da. Aholkularitza edo finantza erakunde batean egiten baduzu, euskaraz egiteko eska daiteke. Beste modu batean egiten bada (finantza erakunde batean, adibidez), euskaraz egiteko eska daiteke.
Urtez urte, gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiteko hautua egiten duten herritarrak. Euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren pausu bat gehiago da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea.


