Diseinuak maiatzaren 18a baino lehen aurkeztu beharko dira

ZALDIBAR | Herriko jaiak iragarriko dituen XXXII. kartel lehiaketa martxan dago. Bertan parte hartu gura dutenek maiatzaren 18ra arteko epea izango dute proposamenak aurkezteko. Kartelak gutunazal itxian entregatu beharko dira udaletxeko bulegoetan, 2025eko Zaldibarko Jaiak lemapean eta egilearen adina zehaztuta. Barrualdean, beste gutunazal itxi batean, egilearen izen-abizenak, bizilekua eta helbidea zehaztu beharko dira. Lehiakideak diseinua euskarri digitalean aurkeztu nahi badu, kultura@zaldibar.eus helbidera bidali beharko du, beti ere, maiatzaren 18ra arteko epemugarekin. Kartel irabazleak 250 euroko saria eskuratuko du. Bigarrenak, 150 eurokoa. Horrez gainera, hirugarren sari bat egongo da 14 urtetik beherako parte hartzaileentzat.
Eskudirua beharrean, onuradunak 100 euroko balioa duen sari berezia jasoko du. Epaimahaia jai batzordeko partaideek osatuko dute. Maiatzaren 22an emango dute kartel irabazlearen berri.
Oinarriak
Honako hauek dira lehiaketara aurkezten direnek bete beharreko baldintzak eta oinarriak:
- Gaia norberaren aukerakoa izango da. Edozeinek parte hartu ahalko du.
- Kartelean honako esaldi hau agertu beharko da: 2025eko Zaldibarko Jaiak.
- Diseinuak honako neurri hauetan aurkeztu beharko dira:
- Euskarri fisikoa: DIN-A3, era bertikalean.
- Euskarri digitala: JPG formatua 72 ppp-ko bereizmenarekin eta 42 x 29,7 zentimetroko proportzioarekin (DIN-A3 neurria)
- Kolorea: norberaren aukerakoa.
- Egile berak ezingo du lan bat baino gehiago aurkeztu.
- Ez da irudi sexistarik ez eta testu sexistarik onartuko.