Udalak 3.790.521,5 euro izango ditu datorren urtean, aurten baino %3,3 gehiago
ZALDIBAR | Zaldibarko udalbatzak 2025eko aurrekontuak onartu ditu aste honetako osoko bilkuran. Aurrekontuetan honako proiektu hauek jaso dira, besteak beste:
- Eskolako patioa handitzea eta lanen bigarren fasea diseinatzea.
- Osasun etxe berri eta duin batentzako kokaleku posiblea aztertzea.
- Parkeko hotela babestea.
- Komun publiko bat egitea.
- Kiroldegiko teilatua konpontzea.
- Solobarria gimnasioko zorua eta leihoak aldatzea.
- Kalistenia parke bat egitea.
- Baso-lurrak erostea eta horietan bertoko zuhaitzak landatzea. Era berean, baso-izenen seinaleak jartzea eta ibilbideetako seinalektika berriztea.
- Nagusien Etxean hobekuntzak egitea.
- Berdintasunerako IV. Plana 2024-2029 egitea.
- Gazteen arreta psikologikorako dirulaguntzak ezartzea eta gazteen etxebizitza alokairurako dirulaguntzak ezartzea.
- Negozio berrientzako eta titulartasun aldaketetarako dirulaguntzak ezartzea.
Eskolako patioa handitzeari dagokionez, udalak 2025ean zehar hasiko ditu lanak. Gainera, udalbatzak kreditu moldaketa bat egin du obrei baliabide ekonomiko gehiago emate aldera. Udalak 246.000 eurorekin lagunduko du eskolako patioa handitzeko obra. Era berean, lanen bigarren fasea 2025ean diseinatzea erabaki du. Bestalde, Sanjuangoako kultur etxea dela eta, udalak kultur etxe berrirako kudeaketa eredua zehaztuko du 2025ean zehar, Kultura Kontseiluarekin lankidetzan. Gainera, eraikina birgaitu ahal izateko finantzaketak lortzeko egingo du lan.
Eneritz Azpitarte alkateak adierazi duenez, “Zaldibar herri txikia da, baina aurrekontu hauek herritarren ongizatea hobetzeko tresna izango dira, Zaldibar herri biziago bat bihurtzeko”. Kontuek EH Bilduko ordezkarien aldeko botoekin egin dute aurrera. Oposizioko EAJko eta PSE-EEko ordezkariek kontra bozkatu dute.