DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Zabalik da Amorebieta-Etxanoko Emakume Nekazari eta Artisauen Azokan izena emateko epea

Hitzordua martxoaren 8an izango da Zelaieta parkean, eta izena emateko epea otsailaren 16a arte luzatuko da

makume Nekazarien eta Artisauen Azoka Zelaieta parkean ospatuko da.

AMOREBIETA-ETXANO | Datorren martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna aldarrikatuko da eta, beste behin ere, Amorebieta-Etxanoko Udalak XXVII. Emakume Nekazarien eta Artisauen Azoka antolatuko du. Horren baitan, izena emateko epea zabaldu berri da eta otsailaren 16ra arte egin ahal izango da.

Ekimen hori Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira egingo diren ekintzen baitan kokatzen da eta helburu du Euskal Herriko emakume baserritar eta artisauen lana aitortzea, ikusaraztea eta babestea, lehen sektorean eta tokiko ekonomian betidanik izan duten funtsezko zeregina aldarrikatuz. “Jardunaldi honekin emakume baserritar eta artisauen lana aitortu nahi dugu, hauen funtzioa ezinbestekoa izan da familien ekonomiarentzat, eta euskal gizarte, kultura eta tradizioarentzat. Merezi duten lekua emateko eta tokiko produktuen eta produktu jasangarrien kontsumoa sustatzeko aukera bat da, gure ingurunearen garapen ekonomikoa babestuz”, azpimarratu du Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak.

Zelaieta parkean egin den azoka tokiko artisau-produktuen postuek osatuko dute, hala nola, gozogintza, okintza, haragi-produktuak, barazkiak, esnekiak eta kontserbak, txakolina eta sagardoa, dekorazio-artea, ehun-produktuak, bitxiak, osagarriak eta askotariko produktuak, loreak eta zilarrezko gaiak…

Izen-ematea otsailaren 16a bitarte egongo da zabalik, eta Euskal Herrian egoitza duten emakume ekoizle eta artisauek parte hartu ahal izango dute. Kategoria bakoitzeko gehienez bi postu izango ditu azokak, eta lehentasuna izango dute Amorebieta-Etxanon erroldatutako emakumeek.

Postu bat lortzeko, interesdunek, udal webguneko “Izen-emateak” atalean eman beharko dute izena, bertan dagoen online formularioa betez eta eskatutako dokumentazioa aurkeztuz. Ebazpena otsailaren 18tik aurrera jakinaraziko da, eta hautatutako emakumeek lau eguneko epea izango dute, jakinarazpena jaso ostean, parte hartuko dutela ziurtatzeko.

Deialdi honi buruzko informazio garrantzitsu guztia hemen dago eskuragarri.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Scroll to Top