Azokako guneetan aurkezpenak, tailerrak eta solasaldiak antolatu nahi dituztenek urriaren 7ra arteko epea izango dute
DURANGO | 59. Durangoko Azokarako prestaketak hasi dituzte Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara, Szenatokia eta Talaia guneetako arduradunek. Abenduaren 5etik 8ra bitartean ekintzaz josirik egongo dira espazio horiek, euskal kulturaren erakuslehio bihurtzeko.
Aurkezpenak, tailerrak, solasaldiak, musika emanaldiak, antzezpenak eta proiekzioak antolatuko dituzte egitarauaren barruan. Beraz, kulturazaleek gozatzeko plaza bikaina izango da beste behin Durangoko Azoka. Hain zuzen, irailaren 16tik urriaren 7ra bitartean egitaraua osatzeko proposamenak egin ahalko dituzte sortzaile, argitaletxe eta disketxeek.
Horretarako, durangokoazoka.eus webgunean izen-emateen atalean erregistratu beharko dute ekarpena.
Ahotsenea gunearen kasuan, orain arteko hautaketa prozesua moldatu egingo da aurten. Proposamenak heltzeko ordena ez da arau izango, eta epearen barruan aurkeztuko diren eskari guztiak baloratuko dira. Gero, antolakuntzaren irizpideen arabera galbahea eginda esleituko da lekua, gainerako guneetan bezala.
Euskarazko ekoizpenak plazaratzeko balioko du egitarauak. Ahotsenean 2024an argitaratutako liburu eta diskoek izango dute lekua; Irudienean aurten ekoitzitako ikus-entzunezkoek; Kabian teknologia berriek; Saguganbaran haurrei zuzendutako literatura eta musikak; Szenatokian dantza eta antzerki pieza laburrek; Talaian literaturaz aparteko lanek, euskara hutsezkoak zein Euskal Herriari zuzenean eragiten dizkioten gaiei buruzkoak.
Gainera, Durangoko Arte eta Historia Museoan eta Bizenta Mogel Bibliotekan ere antolatuko dira ekintzak azoka egunetan.
Ikasle Goizerako inskripzioa
Abenduaren 5ean garatuko da Ikasle Goiza, eta bertaratu gura duten ikastetxeek ere webgunean izena emateko aukera izango dute astelehenean hasita. Azoka bisitatzeaz aparte, tailerretan parte hartu ahal izango dute ikasleek zein irakasleek. Horrela, kultur sorkuntza ezagutu bakarrik ez, esperimentatu ere egingo dute. Goiz horretako egitaraua ikasle eta irakasleei zuzendurik egongo da, baina Landako Guneko ateak publiko orokorrarentzat zabalik egongo dira.
Azoka aurretik, aurten ere martxan egongo da PortaDA erronka, LH, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. Euskarazko liburu eta diskoen azalak birsortzea, horixe dute erronka. Eta, ikastetxe onenentzat saria egongo da: Musika eskoletan programako saio bat. Azaroaren 29a baino lehen bidali beharko dituzte irudiak, ikaslegoiza@durangokoazoka.eus helbide elektronikora.
Zu non han DA!
Bestalde, Durangoko Azokaren osteko egunetan Zu non han DA! ekimena helduko da Euskal Herriko liburu dendetara. Azokako nobedadeak egongo dira zaleen eskura, eta liburu aurkezpenak ere egingo dira. Bada, ekimenera batzeko interesa duten saltokiek izena eman ahalko dute baita ere irailaren 16tik aurrera. Idazleen txanda geroago helduko da.