Otsailaren 16ra arte luzatuko da errefuxiatuen kanpamenduetara bidaltzeko jaki eta material bilketa
DURANGALDEA | Datorren otsailaren 16ra arte, Rio de Oro Durangaldea elkarteak Sahararako elikagaien bilketa egingo du eskualde osoan, oinarrizko elikagaiak eta funtsezko produktuak biltzeko helburuarekin. Elikagai eta produktu horiek Karabana Solidarioaren parte izango dira eta errefuxiatuen kanpalekuetara bidaliko dira, milaka familia laguntza humanitarioaren mende baitaude, premia larrienak asetzeko.
“Joan den urteetan legez, 24 tona laguntza humanitarioz zamatutako trailera Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetara bidaltzea da xedea. Zoritxarrez, azken urteotan sahararrek jasotako laguntza nabarmen murriztu da, eta horrek ondorio lazgarriak izan ditu haien bizimoduan. Gainera, osasun-larrialdiak eta marokorekin piztutako gerrak egoerak okerrera egitea baino ez dute ekarri”, adierazi du Mikel del Arco Rio de Oro gobernuz kanpoko erakundeko koordinatzaileak.
Hori guztia dela eta, aurten inoiz baino gehiago, “Durangaldeko osoaren beharra dugu jakiak bildu eta proiektua burutu ahal izateko”, gehitu du.
Gauzak horrela, eskualdeko herritarrak animatzen dira premiazko produktuak ematera, hala nola atun latak eta sardinak, oliba olioa, arroza, pasta, azukrea, lekaleak eta konpresak.
Bilketa fisikoaz gain, Rio de Oro Durangaldeak diru-bilketa kanpaina bat prestatu du Bizum eta banku transferentziaren bidez. Bildutako funtsak saharar errefuxiatuen kanpamentuetara bidaliko diren elikagaiak eta funtsezko produktuak erosteko erabiliko dira.
Nola lagundu Bizumen bidez:
- Bizum-en aplikazioan sartzea.
- Hautatu “Dohaintza egin” aukera.
- Bilatu Rio de Oro Durangaldea erakundea eta sartu 01955 kodea.
Kontu honetara ere egin daiteke banku-transferentzia: ES90 3035 0129 11 1290034483
Ahalik eta gardentasun handiena bermatzeko, Rio de Oro Durangaldeak zehaztu du funtsak % 100 inbertituko direla elikagaiak erosteko. Gainera, dohaintzen eraginaren gutxi gorabeherako banakapena eskaintzen dute:
- 6 €: 1 kg arroz, 1 kg pasta, 1 kg azukre eta 1 kg lekale.
- 9 €: 1 kg arroz, 1 kg lekale, 1 litro olio eta konpresa pakete 1.
- 15 €: 1 kg pasta, 1 kg lekale, litro 1 olio, konpresa pakete 1, 3 atun lata eta sardina lata 1.