Jaialdia maiatzaren 16an ospatuko da Landakon eta Plateruenan, kontzertuekin eta jarduera irekiekin

DURANGO | Datorren maiatzaren 16an, KOBA LIVE jaialdiaren aro berri bat hartuko du Durangok. Aurten, “Hasiera berri bat KOBArentzat” lelopean dator ekimena, eta Landako Gunea eta Plateruena Musika Aterpearen arteko plazara lekualdatuko da. Topaketak egun osoko egitaraua eskainiko du metal musikaren inguruan, kontzertu eta jarduera irekiekin.
Kartelburuak Rhapsody of Fire, power metal sinfonikoaren erreferentea, eta Onslaught taldeak izango dira. Haiekin batera, Injector, Killus eta Txatar taldeek osatuko dute zerrenda. Gainera, programaren barruan Plateruena – Izar Records lehiaketa ospatuko da, Alex de Benito Project, Etorkizun Beltza eta SYO taldeen parte-hartzearekin; irabazleak 2027ko KOBAn jotzeko aukera izango du. Jardunaldia ordutegi honen arabera garatuko da:
-
12:00: Banden arteko lehiaketa – Plateruena x Izar Records
-
14:30: Herri bazkaria
-
16:00: Trivial metaleroa (Torneos Durango eta Dani Álvarezek koordinatuta)
-
17:30: Kontzertuetarako ateak irekitzea
-
18:00: Injector taldearen kontzertua
-
19:35: Txatar taldearen kontzertua
-
20:55: Killus taldearen kontzertua
-
22:35: Rhapsody of Fire taldearen kontzertua
-
00:30: Onslaught taldearen kontzertua
Zerbitzuak
Ekitaldiak, gainera, “Fan Zone” bat izango du Landako Gunean: informazio-gunea, Puntu Morea, taberna, material salmenta eta herri bazkarirako gunea egongo dira bertan. Turismo Bulegoak informazioa eta bisita gidatuak eskainiko ditu, eta Dendak Baik, berriz, dendak eta tabernak girotzen lagunduko du.
Paule Sanchez Kultura zinegotziak adierazi du edizio hau “maitasun handiz” prestatu dutela, eta eskerrak eman dizkie parte hartu duten erakunde guztiei. Egunean zehar sarrera doakoa izango bada ere, kontzertuetarako sarrerek 35 euroko prezioa dute eta herri bazkariak 20 eurokoa biak ala biak KOBA LIVE webgunean eros daitezke.


