EH Bilduk planifikazio falta eta euskararen sustapenean atzerapausoa dela salatu du eta Gobernu taldeak euskara sustatzea lehentasunezko konpromisoa dela erantzun du

DURANGO | Abendutik, Durangoko Udaleko Euskara Teknikaria jubilatu zenetik, Euskara Teknikariaren postua betetzeko ordezkorik ez dela bilatu adierazi du EH Bildu. “Planifikazio falta nabaria erakusten ari da Durangoko Udala, aspalditik jakina baitzen Euskara Teknikaria abenduan jubilatuko zela, eta ez da egoera aurreikusi”, gehitu dute.
“EH Bilduk jakin duenez, Udal Gobernuaren asmoa Euskara Teknikariaren figura kentzea, eta Herritarren Batzordeko koordinazio teknikari bat sortzea da. Langile berri hau Herritarren Batzordearen eremu ezberdinen koordinazioaz arduratuko litzateke, Kirola, Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Euskara, besteak beste”, azpimaratu dute, baina koalizioaren ustez “Euskara Teknikariaren lana kudeaketa lan soil bat baino gehiago da. Eragiletza lana izan behar da, eta orain arte bezala, esklusiboki lan horretaz arduratuko den pertsona bat izatea eskatzen dugu. Euskara Teknikariaren ardura ezin da Herritarren Saileko koordinazio teknikari baten bigarren mailako zeregin bat izan”.
Horregatik guztiagatik “Euskara Teknikariaren figura kentzea euskararen sustapenean atzerapausoa dela” gaineratu dute eta Udal Gobernuari erabakia birplanteatu dezan.
Gobernu taldearen erantzuna
Testuinguru horretan, gobernu taldeak berehala erantzun du eta “euskara sustatzea lehentasunezko konpromisoa” dela azaldu du. “Euskara Teknikariaren postua ez da ezabatzen, baizik eta egungo beharrizanei egokitzen zaion eredu berri baten barruan berregituratzen da. Herrigintzako koordinatzaile teknikariaren figura sortzeak ez du euskararen kudeaketa bigarren mailan uzten; aitzitik, pertsona honek euskara eta hezkuntza arloetako ardura zuzena izango du, ikuspegi estrategiko integralago batekin. Euskara oinarrizkoa da eta zeharkakotasunez landua izan dadin pausua eman da”, nabarmendu du Paule Sanchez Euskara zinegotziak.
Gainera, Durangoko Udal Euskaltegiak eta AROA euskara sustatzeko plan estrategikoa garatzeko kontratatutako enpresak euskara sustatzeko lan esanguratsua egiten jarraituko dute. Helburua da kudeaketa eraginkorragoa, koordinatuagoa eta moldakorragoa bermatzea, udalaren hizkuntza-politikak eta hezkuntza-estrategiak modu bateratuan lantzeko. “Beraz, antolaketa aldaketa honek ez du euskararen sustapenean atzerapausorik ekarriko, baizik eta haren garapena eta sustapena modu eraginkorragoan bermatzeko estrategia berri bat da”, laburbildu du Sanchezek.