Lanak 8.457,90 euroko aurrekontua dute, eta Artelis Conservación y Restauración, S.L. enpresak egingo ditu

DURANGO | Udalak garbiketa eta kontserbazio lanak egingo ditu datozen asteetan Pinondo parkean dauden bi eskulturatan: Pinondoko gurutzean eta Pablo Pedro Astarloaren eskulturan. Jarduera hau Udalak kultura-ondarea zaintzearen alde egindako apustuaren barruan kokatzen da eta, erakundearen lehentasuna izateaz gain, legezko betebeharra ere bada.
Testuinguru horretan, Udalak bi pieza horietan jardungo du —Pablo Pedro Astarloaren eskultura eta XVI. mendeko harriz landutako gurutzea—. Biak Udaleko Arau Subsidiarioetan kontserbatu beharreko elementu gisa jasota daude (5. eta 2. zenbakiak, hurrenez hurren), eta horrek behar bezala babestu eta zaintzeko beharra azpimarratzen du.
Gaur egun, bi elementu horiek zikinkeria handia eta nolabaiteko narriadura dute; horregatik, beharrezkoa da esku-hartze espezializatua egitea. Pinondoko gurutzearen kasuan, bertan egindako behaketa bisualari esker, hainbat patologia identifikatu dira, agente naturalen eta denboraren eraginaren ondorioz sortuak, besteak beste, kolonizazio biotikoak, poluzioa, zarakar beltzak, koipeak, gernua edo herdoila, hareatze-prozesuak, hausturak eta bolumen-galerak.
Horregatik, bi eskulturen kontserbazioa eta zaharberritzea irizpide tekniko espezializatuei jarraituz eta indarrean dagoen araudiaren arabera egingo da, zehazki, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko Legearen arabera. Horrela, esku-hartze egokia eta errespetuzkoa bermatuko da, lan-metodologian eta atzemandako beharretara egokitutako tratamenduetan oinarrituta.
Lanak ARTELIS Conservación y Restauración, S.L. enpresari esleitu zaizkio, 8.457,90 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).
Lanak segurtasunez egin ahal izateko eta parkeko elementuak zein erabiltzaileak babesteko, eskulturak hesitu egin dira. Halaber, pieza horiek dauden gunera sartzeko hiru sarbide-guneak zinta bidez itxi dira.
Jarduera honen bidez, Durangoko Udalak kultura-ondarea zaintzeko duen konpromisoari erantzuten dio, ondare hori kontserbatu eta balioan jarriz, pertsona guztien gozamenerako.


